Aske utzi dute gaur goizean erraustegiaren aurkako kanpaldian atxilotu duten azpeitiarra

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 7a

Guztira, bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta guztiak aske utzi dituzte eguerdian. Donostian, erraustegiaren aurkako kanpaldia egiten ari dira joan den asteaz geroztik.

(Topatu.eus) Gaur, asteartea, goizean azpeitiar gazte bat atxilotu dute Donostian, erraustegiaren aurkako kanpaldian. Guztira, bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta lekukoek jakinarazi dutenez Antiaguako komisaldegira eraman dituzte ez identifikatzeagatik. Eguerdian utzi dituzte aske atxilotutako lagunak. Joan den astean hasi zuen kanpaldia Gipuzkoa Zutik mugimenduak Donostiako Gipuzkoa plazan. Atzo goizean Udaltzaingoa eta Ertzaintza joan ziren plazara, han ziren lagunak kanporatzera. Eta bertan bilduta ziren herritarrek Bulebarrera mugitzea erabaki zuten. Gaua han pasatu dute, eta 09:00ak aldean bertaratu da Ertzaintza Bulebarreko kioskoan ziren lagunak kanporatzera. Orduan egin dituzte atxiloketak. Azpeitiko EH Bilduk "elkartasuna" agertu dio atxilotutako azpeitiarrari, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarrera salatu du. Azpeitiko Elkar-ekin taldeak ere babesa agertu dio atxilotutako gazteari, eta baita Azpeitiko Libre lantaldeak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide