Herritarren %39,36k hartu du hitza Azpeitian, independentzia doinuz

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 7a

12.142 lagunek zuten boza emateko aukera, eta 4.781ek hartu dute hitza independentziaren inguruko herri galdeketan. %94,56k egin du euskal estatu independente baten alde.

https://www.youtube.com/watch?v=MdPSgwP071k Independentziaren inguruko herri galdeketa egin dute Azpeitian igandean, eta %39,37ko parte-hartzea lortu dute; alegia, 4.781 pertsonek eman dute botoa. Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galdetu zien igandean Hitzartu elkarteak herritarrei, eta honakoak izan dira emaitzak: 4.524 herritarrek bozkatu zuten baietz, %94,56k; 188 pertsonek ezetz, %3,98k; 52 boto baliogabeak izan ziren, boz guztien %1,1a; eta zuriak, berriz, 17, hots, %0,36. Hitzartuko kideek nabarmendu dute "bikainak" direla emaitzak, eta "oso hasiera ona" eman zaiola galdeketen aroari. Izan ere, Azpeitikoarekin batera, Aramaion, Debagoienean, Ispasterren eta Goierrin egin zituzten galdeketak igandean. Guztira, 34 udalerritan eman zuten iritzia euskal estatuaren inguruan, eta %29,6koa izan zen parte-hartzea, batez beste. Udalerri horietatik Azpeitian eman zuten herritarrek boto gehien, bigarrena Arrasate (Gipuzkoa) izan zen 4.505 botorekin. Ezezko bozen balioa nabarmendu du Laxaro Azkune Hitzartuko bozeramaileak. Haren arabera, "eskertzekoa" da estatu independente baten alde ez egon arren, erabakitzeko eskubidea bere horretan "ulertu eta babestea". Dena den, berriro azaldu du baietzak zein ezetzak balio bera dutela galdeketan, parte hartzea delako muina. Kataluniako prozesu independentistaren hastapenekin alderatu dute azpeitiarrek "lehen olatua". Haien arabera, %27ko parte-hartzea lortu zuten 2009an Kataluniako lehen udalerriek. Gironako Bagnoles udalerriarekin erkatu dute Hitzartuko kideek Azpeitia, "biztanle kopuruagatik eta soziologiarengatik" hura delako Azpeitira gehien gerturatzen dena. Han, %36koa izan zen parte-hartzea. 555 udalerritan egin dituzte gisa horretako galdeketak Katalunian, eta %19a izan da batez bestekoa. Hitzarturentzat garrantzitsua da datu horiei erreparatzea. Bestalde, gogora ekarri dituzte herrian eginiko beste galdeketa batzuk: 1978an, Espainiako Konstituzioaren inguruko erreferenduma egin zuten, eta %20koa izan zen parte-hartzea; 2005ean, berriz, Europako Konstituzioa izan zuten eztabaidagai 2005ean, eta %30,7k parte hartu zuen orduan. Halako galdeketa gehiago iragarri dituzte herriz herriko Gure Esku Dago egitasmoaren batzordeek 2017rako. Eskualdeari begira, Zumaiak eta Getariak, esate baterako, datorren urtean egingo dituzte galdeketak. Eskubidea gauzatzen Hitzartuk gogorarazi du herritarrei dagokien eskubidea dela erabakitzeko eskubidea, nahiz eta Espainia eta Frantziako estatuek hori errespetatzen ez duten: "Horregatik eman diogu geure buruari botoa emateko aukera, ukazioa dugulako estatuen aldetik". Testuinguru horretan, elkarteak azaldu du alderdi politikoetatik at antolatutako galdeketa izan dela Azpeitian eginikoa. "Jakina, alderdietako pertsonek hartu dute parte, baina herritar bezala, ez taldeen izenpean", esan du Hitzartuko bozeramaileak. Begiraleen ekarpena Herri galdeketan jarraitu beharreko prozedura aztertzeko, eta prozedura hori zuzena izan dela egiaztatzeko zein ziurtatzeko, hiru lantalde izan ziren lanean igandeko egunean zehar: kontrol batzordea, jarraipen batzordea eta begirale taldea. Azken talde horretako kideak oholtzara igo ziren emaitzak jakinarazi aurretik. Euskaraz, katalanez eta galegoz mintzatu ziren haiek, eta beraien egitekoak zein izan ziren azaldu zituzten, baita herritarrak zoriondu ere, egindako lanagatik. Paul Rios, Eguzki Urteaga, Joxe Arregi, Xose Gonzalez, Xoan Muiños, Mari Luz Esteban, Quim Arrufat, Elisenda Paluzie eta Joseba Felix Tobar izan ziren begiraleak. Herritarrei esker egina Behin eta berriz nabarmendu dute Hitzartuko kideek egunean zehar zein azken balorazioan herritarrei esker lortu dutela guztia. Azpeitia "herri bizia" dela esan dute, eta eskerrak eman dizkiete azpeitiar guztiei eginiko lanarengatik. "Hau ezin da antolatu hamabost lagunen artean, hau herritar askoren lana da, guztion lanaren emaitza izan da", azaldu dute. Independentziaren olatuak busti zuen Azpeitia igandean.

Zozketaren zenbakiak

Hitzartuk igandean bertan egin zuen zozketa, eta honako hauek dira zenbaki sarituak: lehen saria 2.594 da eta zenbakiaren jabeak bi gau Getariako Saiaz hotelean, gosariarekin eta 150 euroko saria eskuratuko ditu; ordezko zenbakia, berriz, 7.089 da. Saridun zenbakiaren jabeak bi aste ditu saria jasotzeko eta Hitzartuko kideren bati jakinarazi edo 619 20 23 33 telefonora deitu beharko du. Bigarren zenbaki saritua 3.994 da, eta Añota sagardotegian lau lagunentzako afaria irabaziko du zenbaki horren jabeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide