Atzo, ekainak 5, egin zen Azpeitian independentziaren inguruko herri galdeketa, eta gaueko hamarrak gertu zirela jakinarazi zituzten datuak. Guztira,
4.781 herritarrek eman zuten botoa; herritarren %39,38ak.
Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galderari erantzun zioten atzo azpeitiarrek, eta baietz bozkatu dute herritarren %94,56k (4.524 herritarrek).
Ez 188 azpeitiarrek erantzun zuten, botoa emandakoen %3,98ak. Horrez, gain 52 boto baliogabe eta 17 boto zuri zenbatu zituzten.
Herri galdeketaren prozedura aztertzeko hiru lantalde izan ziren lanean egun guztian zehar: kontrol batzordea, jarraipen batzordea eta begirale taldea. Begirale taldea honako hauek osatu zuten: Paul Rios, Eguzki Urteaga, Joxe Arregi, Xose Gonzalez, Xoan Muiños, Mari Luz Esteban, Quim Arrufat, Elisenda Paluzie eta Joseba Felix Tobar. Hautesmahaiak itxitakoan begiraleek euskaraz, katalanez nahiz galegoz irakurri zuten egunaren inguruko adierazpena. Haiek esan zutenez, galdeketa modu egokian egin zen, eta herritarrak zoriondu zituzten, egindako lanagatik.
Hitzartuko kideek ere "zorionak" eta "eskerrak" eman zizkieten herritarrei: "Gaur izan dugun parte-hartzeak erakusten du herri bizia dela gurea, Azpeitia. Horregatik, zorionak gaur hitza hartu duten herritar guztiei". "Espainiar estatuaren ezkortasunaren ondorioz ari gara lanean herritik, gure eskubideen defentsan", azaldu zuten Eneritz Albizu eta Laxaro Azkune Hitzartuko bozeramaileek.