Galdeketari begira, zer giro nabaritzen duzue herrian?
LAXARO AZKUNE: Herritar askok du galdeketaren inguruko informazioa, eta jendearengandik erantzun oso ona jaso dugu. Gainera, antolatu diren egitasmoetan piztu da giroa. Egia esan, ez dakigu jendeak zer bide hartuko duen igandean, baina saiatu, saiatu gara denengana iristen, eta itxaropentsu nago. Espero dut inor ez dela ez jakinean geldituko botoa eman gabe.
ELI KANPOS: Batzuetan ematen du beste konturik ez dagoela herrian, baina... ea zer gertatzen den igandean. Jendea bozkatzera joango delakoan nago.
GAIZKA ARRUE: Jende asko ari da mugitzen eta parte hartzen. Pentsatzen dut Sanjuandegiko festak izanda gazteen artean ere berotuko dela giroa. Gainera, gazte guztiek edo ia denek dute galdeketaren berri.
Herritar desberdinengana iristea zen Hitzarturen helburua hasieratik. Lortu al duzue?
L.A.: Hitzartu oso talde plurala da. Zaletasun, ideologia eta adin desberdinetako hamabost kidek osatzen dugu talde eragilea, eta horrek lagundu digu herritar desberdinengana iristen. Gabeziak baditugu oraindik ere; sektore batzuetara ez gara iritsi, guk asmatu ez dugulako edo beraiek interesik azaldu ez dutelako. Dena den, desberdinen arteko elkartze giroa landu nahi izan dugu, baina luzerako ematen du horrek, bada zer egin oraindik. Ikusi beharko da olatu honek zer uzten duen, etorriko baitira olatu gehiago, gero eta handiagoak.
E.K.: Jende ugari eta orotarikoa ari da isilian lanean, eta erantzun oso ona jaso dugu. Benetan da garrantzitsua hori.
G.A.: Aniztasuna lortu dugu; izan ere, gazte desberdin ugari ikusi ahal izan dira egin diren ekintzetan, hala nola galdeketaren abestiaren bideoklipean.
Zer balio du galdeketak?
G.A.: Sinbolikoa dela badakigu, baina etorkizunerako badu balioa. Balioa norberak ematen die gauzei. Galdeketarekin jakingo dugu herriak zer pentsatzen duen, eta hori garrantzitsua da. Halaber, 16 urtetik gorakoek bozkatzeko aukera izango dute, askok lehen aldiz.
L.A.: Erabakitzeko eskubidea praktikan jartzera goaz, ez baita gordeta edukitzeko eskubidea. Praktikan jartze horrek, ariketa horrek, loteslea ez izan arren, sortzen du ilusioa eta poza. Galdeketa egitea urrats oso garrantzitsua da, ateratzen den emaitza ateratzen dela.
E.K.: Norbanakoak erabakiko du zer nahi duen, horretan datza igandeko ariketa. Eskubidea dugu hori egiteko, eta balio handia du, herritarrek antolatutako galdeketa delako.
L.A.: Zenbat eta herritar gehiagok bozkatu, hobe. Galdeketa presio bidea da estamentu denentzat, eta ezingo dute ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Bestalde, galdeketak balio izan digu desberdinak hurbiltzeko. Bakoitzak ditu Euskal Herriaren eta etorkizunaren ikuspuntu desberdinak, baina hitz egiten eta elkar entzuten jakin dugu. Hori ederra eta garrantzitsua da.
E.K.: Galdeketa da termometro modukoa jakiteko azpeitiarrek zer nahi duten. Geroko lanak hartuko ditu hartu behar dituenak, edo hartuaraziko zaizkio.
Emaitzak ez duela garrantziarik esan duzue behin eta berriz. Hala da?
L.A.: Bai. Herritar guztiengana iristea eta haiek erabakitzea nahi dugu. Parte-hartzea da gakoa, baina ez dakidana da jendeak hori bereganatuko duen. Dena den, inork ezin du esan ariketa ez denik demokratikoa. Demokraziaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ezer demokratikoa bada, hauxe da: herritarrei galdetzea. Eta beraiek erabakiko dute.
E.K.: Emaitzaren irakurketa gero norberak egingo du. Batzuentzat izango da ona, eta besteentzat txarra. Baina garrantzitsuena da jendeak botoa eman duela jakitea.
L.A.: Jendeak horrelakoetan parte hartzen badu esan nahi du herria bizirik eta aktibo dagoela etorkizunaz erabakitzeko, eta herritarrek eskubidea baliatu nahi dutela. Datuetan ikusiko dugu zer ateratzen den, baina, dena dela ere, ona izango da, egin egin dugulako ariketa.
Zergatik bozkatu behar dute azpeitiarrek?
E.K.: Bakoitzak pentsatzen duena adierazteko aukera izango du, eta ez dugu beldurrik izan behar Bai edo Ez bozkatzeko. Aberasgarria da, behingoz aukera dugulako pentsatzen duguna esateko.
G.A.: Askotan kexatzen gara gauzekin, erabakiekin, eta orain erabakitzeko aukera dugunez, probestu egin behar dugu unea. Eskubidea da, edozein iritzi edukita ere.
L.A.: Erabakitzeko eskubidea dugula onartzen badugu, praktikan jartzea da kontua. Independentzia hitza tabu xamarra izan da Frankismo garaitik, eta berriz atera da mahaiaren gainera jendeak esan dezan nahi duen euskal estatu independente bat edo ez. Ez da ezer pasatzen batek nahi duelako eta besteak ez duelako nahi. Ezin dugu horregatik haserretu eta borrokan hasi. Bakoitzak aukeratu behar du, eta galdeketak emango digu bide azpeitiarrek zer nahi duten jakiteko. Galdeketa hau lehen urratsa da, eta gerora etorriko dira bestelako galderak eta egitekoak, baita olatu gehiago eta zabalagoak ere.