
Arropa, jostailuak eta liburuak bidali ditu Elkar-ekinek Paraguayra, Behar Bidasoa taldearen bidez. «Pobrezia egoeran dauden herritarren beharrak asetzea eta egoera horiek gainditzea beharrezkoa da, guztiok duintasunez biziko garen mundu bat lortzeko. Lan horri lotu zitzaion Elkar-ekin orain dela lau urte, eta horretan segitzen dugu», esan dute elkartetik. Azken urtean herritarrek emanda material asko bildu dute, eta horren zati bat Behar Bidasoa taldeari eman diote aste honetan, bere elkartasun proiektuetarako: «Elkargunean genituen jostailu, liburu eta arropekin furgoneta bete eta Irunen duten egoitzara eraman ditugu». Azpeitiko herritarrei eskerrak eman dizkiete Elkar-ekinetik, Soreasun duten Elkargunea erabiltzen dutelako. Gune hori ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan irekitzen dute.