Azpeitiak 3-0 irabazi dio Bergarari Herriartekoko final zortzirenetako joanekoan

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 23a

Azkoitiak, berriz, 2 eta 1 galdu zuen Arrasateren kontra, etxetik kanpo. Itzulerako norgehiagokak asteburu honetan jokatuko dituzte; azpeitiarrek Bergaran eta azkoitiarrek etxean.

Jendetza bertaratu zen Frontoi Txikira ostiralean. (Estitxu Elduaien) Azpeitiko eta Azkoitiko pilotariek asteburuan jokatu dituzte 2016ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen neurketak. Final zortzirenetan batu dira bi taldeak txapelketara, eta Azpeitiak etxean eta Azkoitiak etxetik kanpo jokatu zituzten neurketak. Azpeitiko pilotariek Bergarakoen aurka jokatu zituzten partidak ostiral gauean, eta 3 eta 0 nagusitu ziren etxekoak, partida guztiak alde nabarmenarekin irabazi ostean. Kadete mailan, 22-5 nagusitu ziren Julen Egiguren eta Mikel Unanue; jubeniletan, Gorka Iriartek eta Jon Alberdik 22-12 irabazi zuten; eta seniorretan, berriz, 22-7 izan zen Markel Etxaniz-Daniel Murgiondo bikotearen aldeko emaitza. Frontoi Txikia leporaino bete zen. Lortutako emaitzekin, abantaila ederrarekin joango dira Azpeitikoak Bergarara datorren asteburuan, itzulerako neurketak jokatzera. Ostiralean, maiatzak 27, dute hitzordua, eta ordua zehazteko duten arren, ziurrenik 19:00etan hasiko dira partidak. Azkoitiarrek zapatuan jokatu zituzten partidak, Arrasateren kontra. Estu aritu baziren ere, 2 eta 1 galdu zituzten azkoitiarrek final zortzirenetako joaneko partidak. Kadete mailan, Ion Oteiza eta Jagoba Urangak 22 eta 7 galdu zuten; jubeniletan, Endika Cuevas eta Aitor Azkoitia aritu ziren, eta horiek irabazi zuten neurketa, 2 eta 22 nagusituta; seniorretan, berriz, Markel Anduezak eta Jon Juaristik 22 eta 19 galdu zuten. Datorren asteburuan etxean jokatuko ditu Azkoitiak Herriarteko Txapelketako itzulerako partidak. Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan eta ordutan jokatuko dituzten partidak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide