Etxaniz, Ibarzabal, Murillo, Arrieta, Artola eta Zaldua. Skandalielp zenbait musikari. (E. Albizu Lizaso)
Saninazioetako Marea Arroxan kalejira bat egiteko bildu, eta sei urte egin ditu Skandalue elektrotxarangak herriz herri, festaz festa, herritarrak dantzan jartzen. Zortzi lagun elkartu ziren 2010eko uztailaren 30ean, behin jotzeko; baina Andramari jaietarako deitu zieten, ondoren, Azkoititik. "Sei kanta bakarrik genekizkien, eta bi orduz jardun genuen", azaldu du Mikel Zaldua gitarra-joleak.
Zarautz izan zen hurrengo geltokia, uda horretan bertan; eta eztanda egin zuen, orduan, Skandaluek. "Jende pila bat etorri zen, eta askok eskatu ziguten telefono zenbakia", azaldu dute. Une horretan aireratu zen proiektua, eta musikariek ikusi zuten abesti berriak prestatzen hasteko momentua iritsi zela.
Ordura arte, Azpeitiko elektrotxaranga ziren, eta Tuenti sare sozialaren bidez herritarrei eman zieten aukera taldeari deitura bat emateko: Skandalue. Antolaketa ona ez da izan beraien bertutea, taldekideen arabera. Dena den, izango dute beste dohainen bat; izan ere, Euskal Herri osoan izan dute sona.
Hazten joan dira
Gaztetxean hasi ziren entseatzen, eta jendea batzen hasi zen Skandaluera. "Herritar batzuk proposatu egin ziguten gurekin hastea, eta beste batzuei guk eskatu genien", esan du Zalduak. Talde gisa funtzionatzen hasi zirenean, Urrestillako entsegu lokaletan eskatu zuten tokia: "Hasieran goiko pisuan egoten ginen, ezin kabituta; eta behera pasatu ginen ondoren". Zortzi lagunekin hasi, eta hamabost izatera ere iritsi da Skandalue: "Elkartasun eguneko abestia atera genueneko oroitzapen polita dugu. Orduan, hamabost ginen, eta oholtza betetzen genuen".
Bat eta beste, ez dakite seguru Euskal Herriko zenbat udalerri igaro dituzten. Ekain Artolak uste du "bazterrak eta jendea ezagutzeko aukera ona" izan dela elektrotxaranga. Bartzelonan ere jo izan dute, eta gogoan dituzte kaleetako kontzertuak, turistak bideoak grabatzen eta irudiak betikotzen.
Formula egokia
"Jendea gero eta gutxiago joaten da kontzertuetara, eta formularekin asmatu genuen guk: musika eraman dugu beraiengana", esan du Artolak. Felipe Murilloren arabera, "giroaren zati zara; baina, aldi berean, giroa sortzen ari zara", eta hori "berezia" da.
Horrez gain, leku guztietan asmatu dute "giro ona" jartzen, eta horretaz jakitun dira: "Zu gustura zaudenean, ikusi egiten du jendeak, eta horrek sortzen du jaia". "Lau lagun edo 400 egon, dena eman izan dugu beti", nabarmendu du Zalduak. "Ez genuen seguru-seguru jakiten noiz hasiko ginen, baina ezta noiz bukatuko genuen ere. Bi ordurako jotzera joan, eta lasai asko jo ditugu hiru ere; gustura, plazerrez", gehitu du.
Azpeitia ikusteko zuten modua ere aldatu die Skandaluek: "Azpeitiarrak soso samarrak zirela pentsatu izan dugu beti, baina erakutsi digute parte hartzen dutela eta berotasun handia eman dezaketela".
Istorioak istorio eta oroitzapenak oroitzapen, jotzeari uztea erabaki dute. "Hasiera espero gabe etorri zen bezala, hau ere iritsi zaigu», esan du Murillok. "Zapore onarekin utziko dugu, nazkatu gabe, baina bukatu da". Bihar joko dute, eta saninazioetan izango da azken dantza. Musikariek eskerrak eman dizkie Skandaluetik pasatu diren guztiei, egun bakar batean jo dutenei ere bai; "jakina", baita zale eta herritarrei ere. Etapa hori "erre" badute ere irribartsu jarraitzen dute.
Giza eskubideen urraketekin bukatzeko deia
Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko Hartu trena eguna antolatu du Azpeitiko Sare Herritarrak biharko. Aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte egun osorako prestatutako egitarauarekin.
Azpeitiko Sareko kideek azaldu dutenez, presoen, iheslarien eta deportatuen egoera "oso larria" da, eta horretaz "ohartarazi" nahi dituzte herritarrak: "Azpeitiko presoen-eta egoerak ez atzera eta ez aurrera jarraitzen du, eta beren senideen eskubideak etengabe urratzen dira".
Azpeitiko presoen senideek eta lagunek astebururo 3.085 kilometro egin behar izaten dituztela salatu dute, "bere buruak istripuak izateko arriskuan jarriz eta kostu ekomoniko zein fisiko handia jasanez". Gainera, Juan Manuel Bereziartua Pakea iheslariaren eta Kuban deportatuta dagoen Iñaki Etxarte izan dituzte gogoan, "herrira itzuli ezinik" daudelako.
"Giza eskubideen urraketekin amaitzeko herritarrak aktibatu" nahi dituztela esan dute, eta herritar oro animatu dute "presoen eskubideen aldeko trena hartzera".
Bihar, maiatzak 21, 'Hartu trena’ eguna
11:00. 5 kilometroko lasterketa, plazatik hasita. Zabalik da aurrez izena emateko epea: Azpeitiko Aradi eta Aitzaki kirol dendetan, igerilekuan nahiz Orkatz tabernan eta Azkoitiko Elkargunean eta Yoko Kirolak-en. 10 euro balio ditu dortsalak. Bihar bertan ere eros daiteke, baina 12 euro ordainduta.
12:30. Herri kirol erakustaldia, plazan. Harri jasotzen: Xabier Gusta, Goenatxo III.a, Martin Mendizabal, Xabier Irolegi III.a eta Elias Perez. Mendizabalek eta Perezek marka pertsonala hobetzen saiatuko dira. Aizkoran: Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia VI.a eta Jon Irazu. Gainera, haiekin batera, lokotxetan, txingekin eta zakuarekin ariko dira hainbat herritar.
14:00. Bazkaria, Berdura Plazan. Txartelak salgai daude Orkatz, Izaro eta Pastorkua tabernetan. Soldatadunek 15 euro ordaindu beharko dute, eta gabeek 12 euro.
16:00. Mus Txapelketa Azkarra, Berdura Plazan. 15:00etatik 15:30era eman ahalko da izena bertan, eta bikoteko 10 euro ordaindu beharko da. Bikote irabazleak txapelak eta botila ardoak eskuratuko ditu. Bigarren egiten duen bikoteak, berriz, txuleta eta botila ardo bana jasoko dituzte.
16:30. Umeentzako jolasgunea, puzgarri eta guzti, plazan.
19:00. Manifestazioa plazatik abiatuta. Dispertsioarekin amaitzeko, hartu trena. Euskal presoak Euskal Herrira! lelopean egingo dute.
Ondoren. Skandalue elektrotxarangaren kalejira.
23:00. Ezten Azpeitiko taldearen eta Gozategiren kontzertuak, plazan.