Boto aurreratua eman daiteke hilaren 21etik aurrera

E. Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 18a

Independentziaren inguruan Azpeitian egingo duten herri galdeketarako aurretiazko botoa emateko aukera izango da larunbatetik, maiatzaren 21etik, ekainaren 3ra. Ekainaren 5ean da galdeketa, baina egun horretan Azpeitian egongo ez direnek aukera dute au...

Independentziaren inguruan Azpeitian egingo duten herri galdeketarako aurretiazko botoa emateko aukera izango da larunbatetik, maiatzaren 21etik, ekainaren 3ra. Ekainaren 5ean da galdeketa, baina egun horretan Azpeitian egongo ez direnek aukera dute aurrez boza emateko, bi astez. Gure Esku Dagoren lokalean, Foru Ibilbidea 7an, eman daiteke boza, eta honakoa da ordutegia: astegunetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era; larunbatetan, 11:00etatik 13:00era.

Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? izango da ekainaren 5ean Azpeitian egingo duten galdera. Hitzartu elkarteak jakinarazi duenez, aurretiazko botoa eman behar duten bizilagunek ekainaren 5ean eman behar dutenen ezaugarri berak izango dituzte: «Azpeitian erroldatuta egon beharko dute, eta 16 urte edo gehiago izan». Horrez gain, dokumentazio bera eskatuko zaie: NA, pasaportea, ENHA edo identifika- tzeko balio duen argazkidun dokumentu ofizialen bat. Zera nabarmendu dute, errolda agiria «beharrezkoa» izango dela botoa emateko dokumentu horietan ez badu jartzen egungo bizitokia Azpeitia dela. Dokumentuak jatorrizkoak izan behar dute, ez da onartuko fotokopiarik.

Etxez etxeko zerbitzua

Botoa emateko etxetik mugitu ezin duten pertsonentzat ere jarriko da zerbitzu berezi bat. Horretarako, propio eskaera egin beharko du boto-emaileak, hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzita. Behin eskaera eginda, boto-emailearen etxera joango dira Hitzartuko jarraipen batzordeko kideak, aurrez zehaztutako egun eta orduan.

Aurretiazko boto guztiak ekainaren 5ean zenbatuko dira, hautetsontziak itxitakoan. Aurretiazko botoak besteekin batera jarriko dituzte hautetsontzietan. Boto-zenbaketa jendaurrean egingo da mahai guztietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide