Gizarte larrialdietarako 106.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 13a

Eusko Jaurlaritzak ematen ditu Gizarte larrialdietako laguntzak, baina herritar guztien beharrak asetzen ez direlako gehitu dute partida.

(E. Albizu Lizaso) Gizarte larrialdietarako diru-laguntza jarri du Azpeitiko Udalak. Laguntza horiek dira herritarren unean uneko beharrei erantzuteko, esate baterako, alokairuaren ordainketari, kredituei, obrei edo lehen mailako beharrei. Eusko Jaularitzak eskaintzen ditu berez laguntza horiek, baina haiek jarritako kopuruak "ez du bermatzen azpeitiar guztien beharrak asetzea", Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera. 106.000 euro jarri dituzte gizarte larrialdietarako. Joan den urtean 211 familia lagundu zituzten gizarte larrialdietako laguntzekin. Denera, 265.000 euro erabili zituzten bi erakundeek behar horientzat, eta haietatik 141.000 euro ziren udalak jarritakoak; gainontzekoa Jaurlaritzaren zakutik ordaindu zen. Eskatzaileen %39k alokairua ordaintzeko eskatu zuten laguntza; %21ek kredituren bat pagatzeko; %28k etxeko mantentze lanetarako eta %7k lehen mailako beharrak asetzeko, adibidez, osasun beharretarako. Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren baldintza berak eskatuko ditu diru-laguntza emateko. Ekainerako gastatu ohi dira Jaurlaritzarenak, eta horregatik jartzen ditu udalak azken urteetan. Ainhoa Beristain eta Leire Etxaniz udal zinegotziek herritarrei esan diete joateko udalera laguntzak behar badituzte. "Azpeitiar guztien gutxieneko bizi baldintzak bermatzea da gure helburua", esan dute: "Hori izan zen udal laguntzak sortzeko konpromisoa, eta konpromiso bera berretsi dugu aurtengo laguntzak onartuta ere. Eta bide beretik segitzeko asmoa dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide