(E. Albizu Lizaso)
"Taldean hizketan hasi, eta oraindik ez gara oso kontziente lortu dugunaz: ez dakit noiz errepikatuko den berriro egoera hau". Hodei Tena (Azpeitia, 1986) Lagun Onak futbol taldeko kapitaina da, eta bigarren aldiz jokatuko du Espainiako Bigarren B Mailako igoera fasea.
Noiz hasi zinen futbolean?
Umetatik jokatzen dut. 12 urte ingururekin hasi nintzen Lagun Onaken, eta lehendik ere eskola kirolean ibiltzen nintzen. Herriko taldean aritu izan naiz beti, eta Espainiako Hirugarren Mailan jokatzen dudanetik, ezkerreko hegalean jarduten dut.
Ia bizitza osoa futbolean. Asko aldatu al da Lagun Onak?
Beti izan da azpeitiarrei aukera eman dien talde bat, nahiz eta azken urteetan, gutxixeago izan diren herrikoak. Kirol aldetik gorabeherak izan ditu, denak bezala. Gure mailari dagokionez, helburu bezala, lekua mantentzea izan dugu beti.
Azkena, 2009an jokatu zenuten igoera fasea.
Denboraldi hartan ia denok ginen azpeitiarrak: 11 jokalarietatik bederatzi edo hamar izaten ginen. Giro oso ona genuen, eta talde bat izateaz gain, lagunak ere baginen. Gaur egun, badira gazteak, baina 2009an, oro har, gazteagoa zen taldea. Beste modu batera oroitzen dut dena, neu ere gazteagoa bainitzen.
(E. Albizu Lizaso)
Harrobiko gazteek badute aukera Hirugarren Mailan jokatzeko?
Bai. Hiru bat lagun igo dira, eta gazte batzuk ere ari dira gurekin entrenatzen. Aukerak ematen zaizkie, eta hori ondo dago. Halere, uste dut aukera gehiago izan beharko lituzketela. Jubenilek, esate baterako, ondo jokatu dute, eta jende ona dago.
Kapitain bezala, nola deskribatuko zenuke zure taldea?
Talde izaera indartsua dugu. Edonoren kontra jokatzeko eta irabazteko moduko taldea da gurea. Hori, ordea, indargunea eta ahulezia da. Izan ere, apur bat erlaxatzen bagara, asko jaisten dugu maila, eta edozein hamaikakoren aurka galtzeko moduko talde bihur gaitezke. Uste dut liga bukaera horregatik izan dela txepel samarra, nekatu egin garelako. Txispa pixka bat falta izan zaigu bukaera honetan, baina orain berriro ilusionatu gara, igoera fasearekin.
Denboraldia hasi zenean espero zenuten honaino iristea?
Inolaz ere ez. Gainera, aldaketak izan ziren taldean, eta ez genekien zer bide hartuko zuen. Lehen bi partidak galdu egin genituen. Dena den, ikusi genuen bazegoela lehengaia lanerako, eta horri heldu genion. Mailan mantentzea jarri genuen helburu.
Orain, zein da zuen xedea?
Apurka-apurka irabazten joatea, eta ahalik eta urrunen iristea. Hasteko, larunbat honetan irabaztea ere garrantzitsua da. Izan ere, baldintza hobeak izango ditugu igoera fasea jokatzen hasteko. Bigarren geldituko ginateke gure sailkapenean, eta beste sailkapen bateko laugarrenaren kontra jokatuko genuke lehen joan-etorria. Gainera, ziurtatuta izango genuke bigarren partida etxean jokatzea.
Mailaz igotzearekin pentsatu duzue?
Zergatik ez? Hor gaude gu ere, besteen artean, eta beti dago aukera. Saiatuko gara.
Autonomia erkidegoka daude banatuta Espainiako Hirugarren Mailako multzoak. Asko aldatzen da taldeen maila lurgune batetik bestera?
Badira gorabehera batzuk: Katalunia eta Madril inguruko taldeak indartsuak dira; eta Errioxakoak, agian, ahulxeagoak. Dena den, guk pentsatu behar dugu edozer gerta daitekeela edonoren kontra.
(E. Albizu Lizaso)
Oro har, maila ona dago Hirugarren Mailan?
Bai, baina azken urteetan jaitsi egin da pixka bat. Gure multzoan, esate baterako, oso zaila da Bizkaikoen aurka konpetitzea. Horiek dira dirua mugitzen dutenak, eta jokalari onak ere horiek hartzen dituzte. Gipuzkoako taldeak herrikoiagoak dira.
Zer balorazio egiten duzu orain arteko lanaz?
Oso ona izan da denboraldia, eta mailaz igotzea perfektua litzateke. Falta diren partidetan animatzera etortzeko esan nahi nieke zaleei. Giro polita sortzen da, eta horrek asko laguntzen digu.
Zer eman dizu futbolak?
Lagun pila bat egin ditut futbolari esker eta patxada ere eman dit. Bestalde, sakrifizioari esker, gauzak baloratzen ikasten da.
Lan asko eskatzen du?
Ez da gogoz kontra ibiltzeko kirol bat. Entrenamendu, partida eta bidaia asko egin behar dira, eta beste gauza batzuk alde batera utzi behar dituzu horregatik. Gustura ibiltzen zaren bitartean, ordea, merezi du. Asko laguntzen dit futbolak lanetik deskonektatzen eta beste gauza batzuetan pentsatzen.