Azpeiti Cup haur eta gaztetxoen futbol txapelketa jokatuko dute Azpeitian, ekainaren bigarren eta hirugarren asteburuan. Ekainaren 10ean, 11n eta 12an alebin mutilek jokatuko dute; ekainaren 18an eta 19an, berriz, infantil neskek. Mutilen kasuan, hamargarren edizioa da aurtengoa; eta hirugarrena, neskenean.
Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko lehendakariak azaldu duenez, urtetik urtera, «gero eta talde gehiagok» parte hartzen dute lehia horretan. Datuek erakusten dute hori. Izan ere, mutilen txapelketan 30 taldek jokatuko dute, eta 35 taldek, berriz, emakumeenean. "Gaztetxoen futbola sustatzeaz gain, garrantzia berezia ari gara ematen nesken txapelketari", nabarmendu du Rodriguezek.
Herriaren izenean
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du txapelketak "onura ekonomikoak" ekartzen dizkiola herriari. Horrez gain, "herriaren izena zabaltzeko" ere baliabide ona dela aipatu du hark. "Indibidualismotik at, halako ekitaldi kolektiboak antolatzen eredua da Azpeitia, eta baita Azpeitia Cup ere", nabarmendu du Etxeberriak. Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak gehitu du Azpeitia eta bere "balore onak" ezagutzeko aukera dela, baita "hemengo mezuaren berri kanpoan" ematekoa ere.
Horren harira, Naiara Arrizabalaga Halcon Bidaiak enpresako ordezkariak esan du ekaineko bi asteburu horietarako dagoeneko beteta daudela eskualdeko hotel eta ostatu guztiak. "Horrek esan nahi du txapelketak inpakto turistiko handia duela", azaldu du.
Jesus Gutierrez Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak nabarmendu du "behetik gora eginiko antolaketa" dela Azpeitia Cup-ena, eta erreferente bat dela futbolaren munduan. Javier Azpiazu Gipuzkoako Futbol Federazioko kideak, berriz, esan du futbola sustatzeko "oso garrantzitsua" dela txapelketa, eta "beti" egongo direla antolatzaileei laguntzeko prest.