'Hartu trena' eguna prestatu dute hilaren 21erako, euskal preso eta iheslarien alde

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko mai. 12a, 18:40

Sare herritarrak antolatu du jaia, eta festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte.

(E. Albizu Lizaso) Hartu trena eguna ospatuko dute Azpeitian, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Maiatzaren 21erako egun osoko egitaraua antolatu du Azpeitiko Sare herritarrak, eta festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Sare herritarrak salatu du Azpeitiko presoak bisitatzeko, 3.085 kilometro egin behar dituztela haien senide eta lagunek. Hori dela-eta, auto-istripuak izan ditzakete edota kostu ekonomiko eta fisikoak jasan. "Pakea eta Etxarteren egoerak ere, bere horretan jarraitzen du: herrira itzuli ezinda", adierazi dute. Horregatik, "giza eskubideen urraketekin amaitzeko", herritarrak aktibatu nahi dituztela esan dute, eta herritar guztiak animatu dituzte "presoen eskubideen aldeko trena hartzera" eta maiatzaren 21eko ekintzetan parte hartzera.

Egitaraua

11:00. Elkartasun krosa, plazatik abiatuta.

Izena emateko, hamar euro ordaindu behar dira, aurrez. Azpeitian, Aradin, Aitzaki kirolaken, igerilekuan eta Orkatzen; Azkoitian, berriz, Elkargunean eta Yoko Kirolaken. Bezpera artean eman daiteke aurrez izena, eta egunean bertan, 12 euro balioko ditu dortsalak. Lasterketaren ostean, Izarraitz pilotalekuan aukera egongo da dutxatzeko eta hamaiketako ere jarriko dute.

12:30. Herri kirolak, plazan.

Harri-jasotzaileak: Xabier Gusta, Goenago III.a, Martin Mendizabal, Xabier Irolegi III.a eta Elias Perez. Martin Mendizabal eta Elias Perezek marka pertsonal baten ahalegina egingo dute. Aizkolariak: Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jon Irazu. Bestalde, Lokotxetan, txingetan eta zakuan hainbat herritarrek hartuko dute parte.

14:00. Herri bazkaria, azoka plazan.

Orkatz, Izaro eta Pastorkua tabernetan daude salgai otordurako txartelak. Langileek hamabost euro ordaindu beharko dituzte, eta ikasle eta langabeek, hamabi euro.

16:00. Mus txapelketa azkarra.

15:00etatik 15:30era jarriko dute izena emateko aukera, azoka plazan bertan. Hamar euro balio du bikoteko. Irabazten duen bikoteak txapela eta ardo botilak eramango ditu. Bigarren gelditzen den bikoteak, berriz, txuleta eta ardo botila bana.

16:30. Umeentzako jolas gunea, plazan.

19:00. Manifestazioa.

Plazatik abiatuko da, Dispertsioarekin amaitzeko, hartu trena. Euskal presoak, euskal herrira! lelopean. Ondoren, Skandalue elektro txarangaren kalejira izango da.

23:00. Kontzertuak plazan: Ezten eta Gozategi.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide