Erniarraitzeko kideek ere Azpeitiko ekainaren 5eko galdeketa babestu dute. (Hitzartu)
Balkoitik balkoira bertso saioa antolatu du Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo Erniarraitz bertsozale elkarteak ostiralerako. Egitasmo horrekin Azpeitiko ekainaren 5eko independentziaren inguruko herri galdeketa babestuko du elkarteak, hau da, Hitzarturen ekitaldien zerrendan dago jasoa.
Bertso poteoarekin hasiko da egitasmoa, 19:30ean. Sanagustin kulturgunean abestuko dute lehendabizi, Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak. Gero, Korrale tabernan geldituko dira: Martirietako Asier Garate Txibilter eta Azpeitiko Beñat Lizaso. Orkatzen egingo dute azken geldialdia, eta Jose Luis Gorrotxategi azpeitiarrak eta Juan Jose Loidisaletxe errezildarrak kantatuko dute.
Behin tabernaz tabernakoa bukatuta, luntx gisako afari herrikoia izango da Perez Arregi plazan, 21:00ak inguruan. Mokadua bukatu ostean hasiko da balkoitik balkoirako saioa, 23:00etan: Xebastian Lizaso eta Jokin Uranga bertsolariek egingo dituzte lanak. Eguraldi txarra eginez gero, Frontoi Txikian izango dira afaria eta bertso saioa.