(E. Albizu Lizaso)
Berezkoen pilota txapelketako finalerdiak eta finalak Azpeitian jokatuko dituzte, Frontoi Txikin, asteburu honetan eta hurrengoan. Alebinek eta infantilek jokatzen dute lehiaketa hori, Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatuta. Maila bakoitzetik hamar pilotari onenak aukeratzen dituzte, eskolarteko kirolean erakutsitako mailaren arabera, eta haiek jokatzen dute txapelketa.
Larunbat honetan finalerdiak jokatuko dituzte, 16:00etatik aurrera. Alebinak lehiatuko dira lehendabizi: Amianok Olaizolaren kontra jokatuko du, eta Orbegozok Gabirondoren aurka. Infantiletan, berriz, Alberdik Garcia hartuko du etxean, eta Azkoitia Unanueren kontra arituko da. Eskualdeko bi pilotari lehiatuko dira: Orbegozo aiarra eta Alberdi azpeitiarra. Partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute datorren larunbatean, hilak 21, Frontoi Txilin, 16:00etan hasita.
Azpeitia, pilotako "erreferentea"
Mikel Arregi
Ertxin Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakari zestoarraren arabera, "herri asko" zituzten aukeran partida horiek jokatzeko, baina «garbi» ikusi zuten Azpeitia zela leku egokiena. "Pisu handia du pilotaren munduan Azpeitiak, erreferentea da; eta harrobia zaintzen duen elkartea da Ilunpe. Gainera, jende gaztearekin osatu dute zuzendaritza batzorde berria, eta aukera hau merezi dutela uste dugu", azaldu du Ertxinek.
Xabier Aldalur Ilunpe pilota elkarteko kideak eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotziak eskerrak eman dituzte Berezkoen finalerdi eta finalak jokatzeko Azpeitia aukeratzeagatik. Elduaienek nabarmendu du "erreferentea" dela Azpeitia kirol horretan, eta hori Ilunpekoen lanarengatik dela: "Gipuzkoan eta Euskal Herrian gure herriaren izena zabaltzen ari dira, eta lan ona egiten dute". Bestalde, Kirol zinegotziak esan du "txapelketa garrantzitsua" dela Berezkoena. Izan ere, gaur egun, "punta-puntan" dabiltzan pilotari profesional ia guztiak pasatu dira lehiaketa horretatik gaztetan.