[caption id="attachment_298944" align="aligncenter" width="300"]

(Julene Frantzesena)[/caption]
EAEko Auzitegi Nagusiak azken sententzia atera du Auzaraza eremuko etxeen inguruan, eta zenbait aldaketa egitera behartu du Azpeitiko Udala. Nahitaez, hiru aldaketa gauzatu beharko dituzte: trastelekua etxebizitzarekin lotu duten horiei bi pisuen artean horma egitea; 18. karrerako bigarren blokeko balkoiak botatzea eta estaltzea, haiek Esklabetako lurgunea hartzen dutelako; eta, azkenik, etxe horien atzeko aldeko, Ezkerretegi inguruko, ubidea desestaltzea, eraikina haren gainean ez dagoen guneetan.
Azpeitiko Udalak bizilagunekin bilera irekia egin du, eta azaldu du "albiste berria" dela beraientzat. Bizilagunekin eta eragileekin biltzen ari dira, "gaia aztertzeko". Sententzia irmoa bada ere, ez dakite "beste irtenbideren bat" aurkituko ote duten. Gaur gaurkoz, batzorde berezi bat osatu dute udalean ordezkatuta dauden bi alderdi politikoek.
17 urteko korapiloa
1999an eraiki zituen Auzarazako etxeak Promociones Leku Eder S.A.k, Jose Mari Bastida alkate zela. Urte horretan bertan, Jesus Larrañaga, Javier Iturralde eta Juan Amenabar herritarrek salaketa jarri zieten udalari eta Promociones Leku Eder S.A. eraikuntza enpresari, etxe horiek legez kanpokoak zirela aitortzeko eskatuz.
2003an iritsi zen epaia. EAEko Auzitegi Nagusiak, salatzaileei arrazoia eman, eta legez kanpoko jo zituen etxe horiek. Udalak eta eraikuntza enpresak Espainiako Auzitegi Gorenean errekurritu zuten erabakia, baina organo horrek atzera bota zuen eskaera, 2007an. Beraz, egindako etxe guztiak legearen aurka eraikitakoak zirela erabaki zuten auzitegiek.
Udalak etxeak eraitsiak ez izateko eta haiek babesteko hainbat arau onartu zituen, udal gobernu bat baino gehiagorekin. Eraikina babesteko arau nagusienetakoa 2006ko hirigintza plana izan zen; harekin, etxe horiek legezkoak bilakatzeko lizentziak eman ziren.
Handik aurrera, urteetan, salatzaileek eskatu izan dute beraien aldeko epai hori betearazteko, eta horretan oinarritu da arazoa. Tartean, 2006ko Azpeitiko hirigintza plana baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.
Belen Aginagaldek, 1999ko salatzaileetako baten emazteak, eskatu zuen, etxeen ilegaltasuna medio, epaia betetzea, hau da, etxe horiek botatzea.
Exekuzio epaia 2009. urtetik dago abian, urte luzez luzatu da: tartean, 2006ko Azpeitiko Hirigintza plana erabat baliogabetu zuen Auzitegi Gorenak, eta epaia zintzilik egon zen.
2009ko exekuzioaren eskariaren erantzuna da aurten iritsi dena. Udalak, bizilagunekin egindako batzarrean, positibotzat jo du sententzia hori; izan ere, «ganberen erabilera, balkoi batzuen tamaina eta erreka baten inguruko eraldaketak egitea exijitzen badu ere Auzitegiak, ez dituzte etxe guztiak bota beharrik izango».