Kirol jaia antolatu dute datorren astebururako, erabakitzeko eskubidearen alde

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 9a

Iraurgi saskibaloi taldeak, Lagun Onak futbol taldeak, Ikasberri kirol elkarteak eta Xaputarrak xake taldeak antolatu dute, ekainaren 5eko herri galdeketari babesa emateko.

[caption id="attachment_298852" align="aligncenter" width="300"]kirol jaia hitzartu (Hitzartu)[/caption] Independentziaren inguruko herri galdeketaren aldeko kirol jaia antolatu dute Ikasberri kirol elkarteak, Iraurgi saskibaloi taldeak, Lagun Onak futbol taldeak eta Xaputarrak xake taldeak. Datorren asteburuan izango da, hilak 14an eta 15ean. Kirolaren festarekin babesa eman diote Hitzarturen herri galdeketari eta erabakitzeko eskubideari. Hitzarturen arabera, "auzolana izan du ardatz ekitaldi horrek ere, ekainaren 5ari begira Azpeitian antolatzen ari diren beste guztiak bezalaxe". Larunbatean, maiatzaren 14an, 3x3 modalitateko saskibaloi txapelketa jokatuko dute herriko plazan. 10:00etan hasiko dira partidak, eta 16 urtetik gorako guztientzat irekia da. "Gazte, heldu, adineko, gizon, emakume, trebe eta traketsentzat da larunbateko jokoa: denentzat", nabarmendu dute. Izen ematea 10 eurokoa da, eta egunean bertan, mezu elektroniko bidez edo Iraurgi saskibaloi tabernara zein kiroldegira joanda eman daiteke izena. Egunean bertan, 09:00etan irekiko dute izen ematea, eta Internet bidez inskripzioa egiten dutenek ere egunean bertan ordainduko dute. Horretarako, isb@isb.eus edo hitzartuazpeitia@gmail.com helbideetara idatz daiteke. "Herriko plazan, jai giroan, ondo pasatzeko aukera aparta izango da, lagun giroan", azaldu dute antolatzaileek. Iganderako, berriz, bi hitzordu prestatu ditzute. Lehendabizi, xakeko txapelketa egingo dute 10:30ean arkupeetan. Ondoren, Lagun Onak eta Realeko beteranoen partida izango da Garmendipe futbol zelaian, 12:00etan. Ikasberri kirol elkarteko futbolariak ere han izango dira, eta Lagun Onakeko elastikoarekin jokatuko dute haiek. Doan izango da. "Aukera bikaina dugu azpeitiarrok datorren asteburuan kirolaz eta festaz gozatzeko", adierazi dute. Bestalde, Hitzartuk eskerrak eman dizkie antolatzaileei, Ikasberri kirol elkarteari, Iraurgi saskibaloi taldeari, Lagun Onak Futbol taldeari eta Xaputarrak xake taldeari. Haien hitzetan, "pozgarria" da ikustea, arloz arlo, elkarteak bat egiten ari direla, eta bat eginda ari direla lanean. "Hori da gure espiritua, desberdinen arteko batura. Erantzun eredugarria ematen ari dira azpeitiarrak Hitzarturen proposamenari, ekainaren 5eko herri galdeketaren alde antolatzen ari diren egitasmoekin", nabarmendu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide