[caption id="attachment_298439" align="aligncenter" width="300"]

Lagun Onak Futbol Taldea.[/caption]
Lagun Onak Azpeitiko futbol taldea hirugarren postuan dago Espainiako futboleko Hirugarren Mailako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taulan. Liga bukatzeko bi partida falta dira, eta igoera fasean sartuko dira bihar Vitoriaren kontrako norgehiagoka irabazten badute. Etxean jokatuko dute, Garmendipe zelaian, 18:00etan.
Vitoria aurkari zuzena du Lagun Onakek; izan ere, hura ere igoera fasea jokatzeko zorian dago. Bosgarren postuan daude arabarrak, eta lau talde lehiatuko dira 2B mailara igotzeko ligaxkan. Berdinduz gero, datorren astean izango dute aukera berriro igoera faseari begira jartzeko; galduz gero, besteen lanaren zain egon beharko dute, baina ia ziur dute ezingo dutela jokatu.
"Hil ala biziko" partida dela esan du Jose Angel Peña Lagun Onak taldeko Kirol zuzendariak. "Denboraldi ona egin dute jokalariek, eta ia urte guztian egon dira igoera fasea jokatzeko lekuan. Orain, animatu egin behar ditugu", nabarmendu du. Ligan zehar "ibilbide desberdina" izan duten bi taldek elkar ikusiko dutela esan du Peñak. Izan ere, Lagun Onaki "luze" ari zaio egiten liga bukaera; Vitoria, berriz, orain ari da biltzen garaipen gehien. "Dena den, halakoetan ez da jakiten zer gertatuko den. Indarrarekin joango gara, irabaztera; eta zaleak ere bai", azaldu du kirol zuzendariak.
Aurtengoan, hamasei partida irabazi ditu Lagun Onakek, hamalau berdinketa lortu ditu eta galdutakoak sei soilik izan dira.
"Etxean, indartsu"
Hodei Tena da Lagun Onak taldeko kapitaina, eta, hark azaldu duenez, biharko «gogo handiz» dago talde osoa. Azken asteetan igoera faseko postua ziurtatzeko aukera batzuk galdu dituztela esan du, baina «dena» emango dute bihar.
"Denboraldi oso ona" ari dira egiten, eta taldea zein kluba lanean "bikain" ari dela esan du Tenak. 2009tik ez da igoera fasean sartu Lagun Onak, eta "asko esaten du horrek". Garrantzia eman dio zaleen babesari, eta guztiak animatu ditu Garmendipera: "Hori da gure abantaila, etxean indartsu egongo gara".