Espainiako hauteskundeen itzala dela-eta aldatu dute data, herri galdeketa «babesteagatik» eta «ahalik eta giro egokienean» egiteagatik. «Herritarrek izan behar dute protagonista, ez alderdiek», nabarmendu dute.
Ekainaren 12an independentziaren inguruan Azpeitian egitekoak ziren herri galdeketa hilaren 5era aurreratu du Hitzartu elkarteak. Espainiako hauteskundeen data dela-eta hartu dute erabaki hori. Izan ere, ekainaren 26an izango dira, ondo bidean, hauteskunde horiek, eta Hitzartuk ez du nahi erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika «hauteskundeen zurrunbiloak eta alderdi politikoen arteko lehiak zipriztintzerik».Ekainaren 12a Espainiako hauteskundeen kanpainaren baitan dago, eta herri galdeketa «babesteagatik» erabaki dute aldatzea. «Herri-galdeketa ahalik eta giro egokienean eta modu naturalenean izatea nahi dugu», adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dute herritarrek izan behar dutela protagonista, eta ez alderdiek.
Beste data batzuk ere izan zituen taldeak buruan. Esate baterako, aztertu zen herri galdeketa udazkenera atzeratzea ere. Dena den, EAEko bozak noiz diren jakin gabe, arrisku berean ikusten zuten galdeketa Hitzartuko kideek.
Behin gai hori argituta, nabarmendu dute astebete gutxiago izango dutela prestaketa lanetarako. Horregatik dei egin diete herritarrei beraiekin batera lan egitera. «Bozketa eguna aurreratzeak antolaketarako epeak laburtzea ekarriko badu ere horri erantzuteko gai izango gara», adierazi du taldeak.
Dagoeneko osatzen ari dira galdeketa egunaren harira beharrezko jarraibide eta talde guztiak. Dena den, gogorarazi dute aukera dagoela oraindik herri galdeketaren bueltako edozer lanetan laguntzeko. «Orain arte izandako laguntza eskertu eta aldi berean azpeitiar guztiei dei egin nahi diegu prozesu honetan parte hartzera eta auzolanean laguntzera. Nahi duenak hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzi dezake horretarako, edo Hitzartu edo Gure Esku Dagoko taldekideren bati esan. Hauxe da unea, orain da garaia».
Erabakifest!, arrakasta
Joan den larunbateko Erabakifest! musika jaialdiak izandako arrakasta gogorarazi dute, eta eskerrak eman dizkiete festa hura antolatzen lana egin zuten guztiei: musikari, dantzari, abeslari, tabernari, teknikari eta abarri. «Auzolanean soilik egin zitekeen halakorik», esan dute.