Ekainaren 5ean, igandez, izango da independentziaren inguruko herri galdeketa, Azpeitian. Espainiako hauteskundeak ekainaren 26rako deitu dituztelako aldatu du data Hitzartu gizartearen parte-hartzea sustatzeko elkarteak. Joan den urtarrilean, herri galdeketaren aurkezpen-ekitaldian, hilaren 12rako deitu zuten galdeketa, baina Hitzartukoek azaldu dutenez, ez dute nahi "hauteskundeen zurrunbiloak eta alderdi politikoen arteko lehiak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zipriztintzerik; herritarrok izan behar dugu protagonista, ez alderdiek".
Data aldatuta "egitasmo hau hauteskunde kanpainaren barruan egiteak ekar ditzakeen kalte eta arriskuetatik babestu" nahi dutela azaldu dute Hitzartuko kideek: "Aztertu ditugu beste aukera batzuk ere, udazkenera atzeratzearena, adibidez, baina EAEko hauteskundeak direla eta oraingo egoera bera errepikatu daitekeenez, ekainaren 5era aurreratzea hobetsi dugu".Bozketa eguna astebetez aurreratu izanak, antolaketarako epea laburtu duela-eta, orain arteko laguntza eskertu eta prozesuan parte hartzeko zein auzolanean laguntzeko deia egin diete herritarrei. Laguntzeko prest daudenek hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatz dezakete edo Hitzartuko nahiz Gure Esku Dagoko taldekideren bati esan.
Erabakifest! "arrakastatsua"
Hitzartuko kideek azaldu dutenez, "abiada eta indarra hartzen ari da herri galdeketaren dinamika": "Hori sentitu dugu joan den asteburuko Erabakifest! egunak izandako arrakastarekin edo Hitza, etorkizunaren giltza abestiaren bideoak izan dituen 6.400etik gora bisitekin". Eskerrak eman dizkiete bi egitasmoetan lagundu duten guztiei, musikariei, dantzariei, tabernariei, abeslariei, teknikariei... eta kalean izan ziren herritar guztiei.