1766ko Matxinada izena jarri diote Azpeitiko kale bati, aho batez onartuta

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 5a

Bustinzuriko Errebalaren atzeko aldeari jarri diote gariaren matxinadaren izena, Kultur Mahaiak eskatuta. Astearteko batzarrean onartu zuten, EH Bildu eta EAJren aldeko bozekin.

[caption id="attachment_298184" align="aligncenter" width="300"]1766ko Matxinada kalea. 1766ko Matxinada kalea.[/caption] Azpeitiko Bustinzuriko Errebaleko atzeko aldeko kaleari 1766ko Matxinada izena jarri dio Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak hala proposatuta. Kale hori ibaiaren ondokoa da, hau da, Eroski saltoki berria dagoena. Herenegun onartu zuten proposamena udalbatzarrean, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin. Itxura denez, kaleak ez zuen izen ofizialik, eta gariaren matxinadaren 250. urteurrena baliatu dute izena emateko eta data hori aldarrikatzeko. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du izendapena baliagarria izango dela «datozen belaunaldiek» gariaren matxinadaren berri izan dezaten. Horrela, "injustizia bati justizia" egin nahi diote. Arrazoia eman dio Jose Luis Otamendi idazle, Kultur Mahaiko kide eta Sanagustin Kooperatibako lehendakariak: "250 urtean isilpean egon diren ahotsak aterako ditugu, eta aitorpen bat da kaleari izena jartzeko erabakia". Otamendiren arabera, "gure historiaren pasarte bat" da hori, eta beharrezkoa zen azpeitiarrentzat "erreferentzia bat" izatea. Hori dela-eta, eskerrak eman dizkio hark udalbatzari hartutako erabakiarengatik. Joan den apirilaren 14an bete zen Azpeitian eta Azkoitian piztu zen Gariaren Matxinadaren 250. urteurrena eta egun berean aurkeztu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak urteurrena oroitzeko urte osorako prestatu duten egitaraua. Horrez gain, bi mozio onartu zituzten astearteko udalbatzan. Bat Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza mantentzearen aldekoa. EH Bilduren aldeko bozekin onartu zuten hori. EAJk kontramozioa aurkeztu zuen, baina ez zen onartu. Laguntza horrek "lurralde desoreka" sortzen duela argudiatu zuten jeltzaleek kontramozioa aurkezteko. Bestea, berriz, Europako Batasunak eta Turkiak errefuxiatuak kanporatzeko egindako akordioaren kontrako mozioa izan zen. Hori bi alderdien bozekin onartu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide