Zabalik da Ingurugiro Etxearen ondoko Xaguxatar parkea

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 29a

xaguxatar Dagoeneko zabalik da Ingurugiro Etxea Museoaren ondoko parkea. Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean eraberritu dute gunea, Xaguxatar proiektuaren baitan. Oraindik ez dute inauguratu, baina zabalik da herritarrentzat. "Parkea osatzeko lanak eginda daude, eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin ostean, irekitzea erabaki dugu. Eguraldi onak hasi diren honetan herritarrek herrian jolasteko eta gozatzeko parke bat gehiago izan dezaten", adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. "Euskal ondare naturala" sentsibilizatzeko du helburu parkeak. Saguzarra da parkeko irudia, eta 1.800 metro karratuko azalera du. Sei gune desberdin ditu jolas parkeak:
  • Saguzarren horma: gaueko paisaia duen murala, saguzarrek gauez hegan egiteko erabiltzen duten radar sistema islatzen duen jolasa.
  • Enbor bertikalen baratza: 8 eta 10 metroko altueradun enborrak, armiarmaren itxura duen sare batekin lotuta.
  • Labirintoa: pertzeptzio sentsorialen bidez jolas egiteko gunea.
  • Intsektuen hotela: eraikinaren etxaurrean, saguzarren habiak ikus daitezke.
  • Egongune alternatiboa: egurrezko eserleku eta mahai alternatiboz egindako egongunea.
  • Haur jolasak: saguzar itxura duen rokodromoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide