Lagun Onak Mendi Bazkunarentzat da aurtengo Joxe Takolo beka

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 29a

Jasotako beka "inguruotako mendizaletasuna ikertzeko eta sustatzeko nahiz Joxe Takoloren irudia zabaltzeko eta indartzeko" lagungarri izango zaiela jakinarazi dute Lagun Onakeko kideek.

[caption id="attachment_297390" align="aligncenter" width="300"]Joxe Takoloren senideak, udal ordezkariak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. (Uztarria.eus) Joxe Takoloren senideak, udal ordezkariak eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak. (Uztarria.eus)[/caption] Gaur, ostirala, banatu du Azpeitiko Udalak Joxe Takolo goi-mendizaletasunari lotutako beka, eta herriko Lagun Onak Mendi Bazkunak eskuratu du 3.000 euroko diru-saria. Ekitaldian izan dira Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak, Joxe Takolo zenaren familiakoak, udal ordezkariak eta bekaren batzorde teknikoko kideak. Aurtengo edizioak "izaera berezia" duela azaldu du Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak: "XV. beka da aurtengoa, eta zenbakia bera ez ezik, beka ere berezia da, herriko talde batek jasoko duelako". Elduaienek aurtengoa etorkizunerako "inflexio puntua" izango dela esan du. Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakariak azaldu duenez, "azken urteetan beherantz joan da proiektuen kalitatea eta Joxe Takoloren izena ere galduz joan da". Unanuek esan du Lagun Onakek arrazoi horiengatik aurkeztu duela "etorkizunerako" proiektua, eta jasotako beka "inguruotako mendizaletasuna ikertzeko eta sustatzeko nahiz Joxe Takoloren irudia zabaltzeko eta indartzeko" lagungarri izango zaiela jakinarazi du. Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortu zuen Azpeitiko Udalak Joxe Takolo beka 2001ean.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori. 2002: Nanga Parbat 2002. 2003: Elurretako leopardoa. 2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino. 2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk. 2006: Hutsik gelditu zen beka. 2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo. 2008: Marokon eskalada. 2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa. 2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa. 2011: Hutsik gelditu zen beka. 2012: Circo de las inescanables. 2013: Hutsik gelditu zen beka. 2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier. 2015: Incognita Patagonia 2015

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide