'Erabakifest!' musika jaialdia ospatuko dute bihar Azpeitian, eta dozenaka taldek parte hartuko dute: atzokoak eta gaurkoak. Musikazale asko daude Legen Beltzaren zain-zain.
«Musikak ez du adinik: gustatu egiten zaizu edo ez», azaldu dute Legen Beltza taldeko musikariek. Agian, horregatik ez dituzte inoiz metal doinuak guztiz baztertu. Badira urte batzuk azken kontzertua eman zutenetik, eta bihar berriro joko dute, 22:30etik aurrera, Tiobibo, Fundiziyue eta Egurra ta Kitto taldeekin, Sanagustin kulturgunean. Joseba Azkue (Azkoitia, 1978), Edorta Azkune (Azpeitia, 1976) eta Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1976) azken entseguan harrapatu ditu HITZAk, Zubi Zaharren. Ekaitz Garmendia abeslari eta gitarrista gabe ari dira lanean, baina laurak daude biharko «ilusioz».Zenbat denbora daramazue elkarrekin jo gabe?
Xanti Rodriguez: 2011n eman genuen azken kotzertua.
Edorta Azkune: Nik ia hamar urte daramatzat jo gabe. 2007an jo nuen azken aldiz, saninazioetan. Ondoren sartu zen Iban Hernandez bateria-jolea.
Joseba Azkue: Dena den, askotan gelditzen gara, entseatzeko eta musikaz gozatzeko. Metallicaren tributoa ere prestatu genuen, Iosu Garaterekin.
Zergatik onartu duzue berriro oholtzara igotzea?
E.A.: Buruan genuen larunbaten batean zarata pixka bat ateratzea, eta parean tokatu zaigu erabakitzeko eskubidearen festa.
X.R.: Hitzartuk Soreasun egin zuen aurkezpenean izan nintzen; eta, ondoren, biharkoan jotzeko proposamena egin ziguten. Denei gustatu zitzaigun ideia.
Kontzertu bat emango duzue larunbatean; baina, ondoren, berriro Legen Beltza ikusteko aukera egongo da?
X.R.: Oraingoz, ez dugu jarraitzeko asmorik. Guretzako egingo dugu musika, baina ez dugu ezer lotuta. Dena den, ez dugu aterik ixten.
Oihartzuna izan du bueltak.
X.R.: Bai. Sare sozialetan asko mugitu da kontua, eta jendeak esan digu kontzertura joateko gogoz dagoela. Esate baterako, Asturiasetik eta Madrildik (Espainia) datoz zaleak bihar.
J.A.: Gainera, bere garaian, ez genuen aurrez abisatutako agurra egin. Burgosen (Espainia) jo genuen azken kontzertua, eta pixkanaka desegiten joan zen taldea. Bat Berlinera (Alemania) joan zen, bestea Karrantzara (Bizkaia) eta umeak etorri ziren, ondoren. Ondo pasatzea da, orain, gure helburua. Halere, ezin izan dugu guztiz laga, barruak eskatzen digulako musika.
X.R.: Nekatuta ere bageunden, eta pentsatu genuen haserretu aurretik hobe genuela uztea edo, behintzat, musika beste modu batera bizitzea.
Nolakoa izan da kontzertu bati begira berriro elkartze hori?
E.A.: Aspaldian jo gabeko abestiei heldu diegu, eta bagenuen kezka bat: Oroituko ote gara?, ondo egingo al dugu?. Baina bai, kanta askok bakarrik irteten zuten. Badirudi bere garaian egin genuen lana oraindik hor nonbait dugula. Elkarrekiko feeling hori ere ez dugu galdu.
Pasatu dira urte batzuk kantuak konposatu zenituztenetik ere. Identifikatuta sentitzen al zarete oraindik?
J.A.: Bai, eta emozionatu egiten gaituzte gaur-gaurkoz. Kanta batzuek 16 urte dituzte, baina geure-geureak sentitzen ditugu.
X.R.: Alaitz infernuan kantak, adibidez, 16 urte ditu, baina gaurkotasun handia du. Hori ere joko dugu bihar.
Zer errepertorio eramango duzue Sanagustinera?
E.A.: Lehen bi diskoetako abestiak joko ditugu. Izan ere, ni ez nintzen egon azken lana atera zutenean.
X.R.: Legen Beltza gustatzen zaionak gozatu egingo du, eta abesti mitikoenak entzuteko aukera izango dute zaleek. Ordubete inguruko kontzertua da, eta atseden gutxi egongo da. Sorpresaren bat ere izango dute.
J.A.: Jendeak kantatzen zituen abesti horiekin itzuliko gara, garai haietan bezalaxe.
Entzuleek Legen Beltza desberdina ikusiko dute?
X.R.: Betikoa aurkituko dute. Soilgune gehiagorekin eta sasoi motelxeagoarekin, agian, baina betiko taldea. Duela hamar urteko jarrera berarekin igoko gara oholtzara.
J.A.: Garai zaharrak gogoratuko ditugu guk eta entzuleek.
Oroitzapenak berreskuratu dituzue?
X.R.: Bai, eta pertsona bat dugu buruan azken asteetan. Joan den urtean hil zen Legen Beltzaren zale handiena, eta arantzatxo bat dugu ordutik. Gaztea zen: 29 urterekin hil zen, minbiziarengatik. Hark beti esaten zigun bueltatu egin behar genuela, eta pena horrekin gelditu gara. Kontzertu hau berarentzat izango da. Ez dugu lehen ilaran ikusiko, baina gogoan izango dugu.
E.A.: Horrez gain, gure musikari garaiak ekarri ditugu gogora: non jo genuen, norekin, anekdotak... ondo pasatu dugu. Gogoratzen al haiz...? berrogei aldiz esan dugu azken boladan.
Gaur egun, zer lotura du zuetako bakoitzak musikarekin?
X.R.: Musikalki aktiboena Garmendia da. Talde batzuetan jotzen du, eta ekoizpen estudio bat ari da jartzen.
E.A.: Bestela, guk Metallicaren proiektua sortu genuen, Iosu Garaterekin, eta tartean-tartean biltzen gara, metalaz gozatzeko.
Nola biziko duzue 'Erabakifest!' musika jaialdia?
E.A.: Berezia izango da. Oso ona da herriko taldeekin osatutako kartela; gainera, aspaldi jo ez duten taldeak ikusteko aukera izango dugu. Lagun zaharrekin elkartuko gara: Segabathor, Fundiziyue, LS Senghor... musikalki ez dugu zerikusi handirik, baina gure garaikoak dira. Lehen Triku Festa gogorarazten dit. Horrez gain, belaunaldi berriekin harremana egiteko balio izan du istorio honek. Verraterreko gazteak, adibidez, ez nituen ezagutzen.
J.A.: Lan handia egin dute antolaketan. Guk erabiliko ditugun bozgorailuak, adibidez, beste bi taldek ere beharko dituzte. Atzetik koordinazio handia dago.