[caption id="attachment_296925" align="aligncenter" width="300"]

Udal ordezkariak, eragileetako kideak eta herritarrak Berdura Plazan. (E. Albizu Lizaso)[/caption]
Azpeitiko azoka plazako obrak zortzi hilabete inguruan bukatuko dituzte. Goiko solairua amaituta dago, baina argindarra falta zaionez, oraindik ezin da erabili. Horretarako, beharrezkoa da beheko soilairuko lanak bukatzea. Aitor Bereziartua udal ordezkariak azaldu duenez, dagoeneko lehiaketara atera dute beheko zatia egiteko lanen esleipena, eta maiatzaren bukaeran aukeratuko dute eskaintzarik onena.
Behin hori eginda, ekain hasieran hasiko dira lanak, eta "oinarrizko azpiegiturak" sei hilabetean egingo dituzte. Ondoren etorriko dira hornikuntza lanak; eta, guztira, zortzi hilabeteren bueltan bukatuko dituzte obrak, Bereziartuaren arabera. "Lurra berrituko da, eta azpiegitura irisgarritasun eta suteen araudietara egokituko da", esan du.
Aurreikusi dute saninazioak bitartean baserritarrek aukera izango dutela azoka egunetan postua jartzeko, orain artean bezala. Gune horretako obrak festen ondoren hastea nahi lukete urdal ordezkariek, saltzaileei ahalik eta gutxien eragiteko. Bitartean, eraikinaren azpiko lokalean argiteria obrak eta halakoak egingo lituzkete.
Eraikinaren mapa
Besteak beste, lehen sektoreko langileekin, eragileekin, Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin, Bertan merkatari elkartearekin edo Kultur Mahaiarekin bilduta egin du udalak azoka plazaren zirriborroa, parte-hartze prozesu baten bidez. Urkome landa garapeneko elkarteak lagundu du koordinazio lanetan. Arrandegi bat, harategi bat eta sukaldea jarriko dituzte beheko solairuan, baserritarrek behar dituzten iturri eta arraskekin. Hiru baliabide horiek dagoeneko onartuta daudenak dira, eta beste batzuek ere badituzte "aztertzeko", Bereziartuak azaldu duenez. Horien artean, berogailua jartzearen proposamena ere ari dira lantzen. Bestalde, beirateak jarriko dituzte azoka plaza estaltzeko, horma gisa. Goiko soilairuan dagoeneko jarrita daudenen antzekoak izango dira, baina aukera egongo da haiek kendu eta jartzeko. Mugikorrak izango direnez, hitzordu batzuetarako gune irekia izango da azoka plaza, eta beste batzuetarako, itxia.
Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziaren hitzetan, "elkarlanean eta indarrak batuta" egin dute lana proiektuan, "ekonomiaren sustapena" helburu izanda. "Orain artean plazaren inguruko hausnarketa eta asmoak geure artean konpartitzen aritu gara, eta iritsi zaigu egiten ari ginena plazaratu eta fase berri batera sartzeko unea", azaldu du.
"Bi hankako proiektua"
Proiektu urbanistikoa eta sozialak bat egiten duen gunea izango da azoka plaza; "bi hankako proiektua", Labakaren arabera. Izan ere, udalak argi du "pertsonetan oinarritutako ekonomia" sustatuko dutela bertan, "soziala eta jasangarria". "Bertako jendea eta bertako produktuak" izango dira, beraz, udal ordezkarien hitzetan, azoka plazako erdigunea. Honakoa nabarmendu du Zerbitzu Orokorretako zinegotziak: "Supermerkatu handien eskaintzei uko egin eta biderik errazena aukeratu ez arren egokiena aukeratu dugulakoan gaude. Guk plazatik, geuretik, eta iraganetik abiatuta eraiki nahi dugulako etorkizuna. Gure oinarrietatik: lehen sektoretik".
Parte-hartzea oinarri
Azoka plaza edukiz bete nahi dute hemendik aurrera; beti ere, lehen sektoreari garrantzia emanda. Horretarako, "denen parte-hartzea" behar dela adierazi du Labakak: "Haur bat jaioko da hemendik, eta guztion artean irakatsi beharko diogu oinez".
Hori dela-eta, pasa den agintaldian hasi zen udala bilerak egiten eragileekin, eta zinegotziek azaldu dutenez, 2015eko irailean heldu zioten berriro parte-hartze zikloari. Hemendik aurrera ere horretan jarraitzeko asmoa dutela esan dute, eraikinari mamia emateko.
"Lehen sektorea sustatuko dugu, eta bertako ekoizpena, bertan, Euskal Herrian ekoitzitako produktuen azoka izatea baitugu helburu. Horrek dakartzan onura guztien jakitun baikara", azaldu du Azpeitiko Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.