Azpeitiko Udal Musika Bandak Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan emango du kontzertua, igandean. 150. urteurrenaren harira, trenarekin eta burdinbidearekin lotura duten abestiak joko dituzte, museoan bertan. Nazioarteko errepertorioa interpretatuko dute udal musika bandako kideek: Euskal Herriko, Europako eta Ameriketako kantak joko dituzte. Musika, umorea eta bidaia uztartuko dituzte igandean; izan ere, Txantxalgara taldeak parte hartuko du, eta Lasaora bueltaxka egiteko aukera izango dute hala nahi dutenek.
Adin guztietako herritarrentzat prestatu dute igandeko ekitaldia. Hori dela-eta, hitza hartuko dute Txantxalgarako Xanti Agirrezabala, Mireia Galartza, Ignacio Azkue, Ignacio Arakistain eta Ekain Ibargurenek. Haiek kanten esanahia azalduko dute antzezpenen bitartez, umorea erabilita.
Bestalde, Jose Antonio Santesteban donostiarrak Norteko burdinbideari idatzitako zortziko bertsoa estreinatuko dute:
Burni-bideari jarritaco zortzicoa. Unai Frantsesenak moldatu ditu bertsoak, bandak jotzeko.
Azpeitiko Udala, Burdinbidearen Euskal Museoa eta Txantxalgara Taldearekin elkarlanean antolatu du Azpeitiko Udal Musika Bandak igandeko kontzertua.