Dagoeneko izena eman daiteke XII. Izarraizko Mendi lasterketan. Maiatzaren 7an izango da proba, eta
www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin daiteke inskripzioa. 21 kilometro eta 1.660 metroko malda du Izarraitz mendi lasterketak, eta inguruetako tontor altuenak igoko dituzte: Xoxote, 889 metrokoa; Kakute, 942 metrokoa eta Erlo 1.026 metrokoa.
Azpeitiko plazatik irtengo da lasterketa, 16:00etan; eta leku berean bukatuko da. Bestalde, berrikuntza gisa, lasterketa herrikoia ere antolatu dute Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek. Proba horrek 11 kilometro eta 840 kilometroko malda izango du. Lasterketa herrikoiak Xoxote izango du punturik altuena. Hasiera gainontzeko korrikalariekin batera izango dute, baita lehen bost kilometroak ere.
Emakume zein gizon, saria jasoko dute lehen hiru sailkatuek. Irabazleei txapel bana ere jarriko diete. Bestalde, parte hartzen duten guztiek izango dituzte sariak. Izena emateagatik, poltsa bat, sagardo botila, mangitoak eta Santi Lazkano kirol dendan gastatzeko 15 euroko txartela izango dute.
Horrez gain, zozketak ere egingo dituzte: kirol materiala, herriko produktuak, masajeak edo fisioterapiako bonoak, esate baterako.
Hitzarturi atxikimendua
Ekainaren 12an Azpeitian egingo den herri galdeketa dela-eta, bere alea jarri du Lagun Onak Mendi Bazkunak ere, «Hitzarturi babesa emateko». Horretarako, Izarraizko mendi lasterketa aprobetxatuko dute.
Azkoitia eta Azpeitia herrien arteko erronka prestatu dute. Udalerri bakoitzeko bost korrikalarik, lau gizonek eta emakume batek, batu egingo dituzte lasterketako denborak. Bi taldeetatik, orotara, ibilbidea egiten denbora gutxien pasatzen duenak irabaziko du. «Halere, garaipen onena izango da ekainaren 12an Azpeitian eta galdeketa egingo den gainontzeko herrietan parte-hartze altua lortzea», esan dute Izarraizko mendi lasterketako antolatzaileek.