Trikigiro jaialdia ospatu zuten ostiralean, Azpeitian, eskualdeko trikitilariek antolatuta. Arratsaldetik hasi, eta goizaldea bitartean alaitu zituzten 100 trikitilari baino gehiagok herriko kale eta tabernak; ume, gazte eta heldu. 19:00etan hasita, kalejira egin zuten, eta 21:00etan afaldu zuten Sanagustin kulturgunean. Behin mokadua eginda, mahaiaren bueltan jardun zuten piezak jotzen soinu eta panderojoleek: ikasle, irakasle, guraso eta seme-alaba. Ondoren, festak jarraitu zuen Bide Batez erromeriarekin.
Antolatzaileen helburua da belaunaldien arteko transmisioa lantzea eta gaztetxoenak animatzea plaza eta oholtzatan jotzera. Ostiraleko saiakeran asmatu zuten hori lortzen. "Abiapuntua" izan da topaketa hori, antolatzaileen arabera, eta lanean jarraituko dute. Iluntzean izango da ikusgai ostiraleko bideoa atari honetan.
[flickr_set id="72157665208257073"]