Zineklub eguna ospatuko dute larunbatean, ikasturtea bukatzeko

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 20a

Umeentzat zein helduentzat prestatu dituzte filmak: 'Umea eta mundua' eta 'Paradisu Zinema'. Udan zehar, gutxienez, beste bost bat pelikula jarriko dituzte aukeran.

Elorza, Gantzarain, Beloki eta Urbieta, zineklubeko kideak. (E. Albizu Lizaso) Paradisu Zinema Azpeitiko zineklubeko lagunek ikasturte bukaerako ospakizuna egingo dute larunbatean. Lehen ikasturtea bukatutzat emango dute, beraz, egitasmoarekin, nahiz eta udari begira, beste zenbait proiektu dituzten eskuartean. Ume zein helduentzat prestatu dute jaia. Azpeitiko Kultur Mahaiaren Txiki Bira proiektuarekin bat egin dute, eta Umea eta mundua filma jarriko dute, 16:30ean, Soreasu antzokian. Umeen ikuspuntutik landuko dute teknologiek izan duten eragina. Ondoren, horren inguruan txapen tailerra egingo dute. Umeek aukera izango dute filmaren inguruan txapak sortzeko. "Haurrekin zerbait egin nahi genuela garbi genuen, modu bat da haiek Disneyren mundu liluragarritik ateratzeko, beste zerbait erakusteko", azaldu du Aitor Beloki taldeko kideak. Ondoren, 19:00etan, Paradisu Zinema pelikula emango dute: "Harengatik hartu genuen izena, eta hasieratik garbi genuen horrela bukatu nahi genuela gure lehen urte hau". Emanaldiaren ostean, afaltzera joango dira nahi duten guztiak. Eragileekin lanean Ikasturtea bukatu badute ere, ez dute etengo jarduna. Maiatza eta urria bitartean aire libreko hiru film eta beste bat Soreasun botako dituzte. Horrez gain, ziklo bat emango dute Nuarben, Donostia 2016 egitasmoko Bake Ituna saileko Aldiriak atalean. Maiatzaren 19an, Neskatoak emango dute Soreasun, Jon Abril zuzendariarekin. Memoria historikoa landuko dute horrela, udalaren laguntzarekin. Haiez gain, Sanjuandegin eta kalean beste bi pelikula jarriko dituzte, XJ auzolanean, Parekidetasun saila eta Udal Musika Bandarekin batera. Laburra, baina emankorra Sei hilabeteko ibilbideari begira jarri dira zineklubeko kideak. "Ibilbide laburra da, baina emankorra izan da", azaldu du Xabier Gantzarainek. Bi astean behin bota dute film bat Soreasu antzokian, eta Elkar-ekin taldearekin ere ziklo berezi bat eskaini dute, gizarte gaiekin lotuta. Barne mailan jarri zituzten helburu batzuk; eta azaldu dute, hein batean, ondo bete dituztela. "Halere, badakigu jende gehiagorengana iris gaitezkeela, eta horixe dugu lantzeko", azaldu du Kepa Urbieta kideak. Hori dela-eta, herritarrei dei egin die zineklubera joatera. "Guretzat proba moduko bat izan da, gauzak nola egin ikusi eta ikasteko", azaldu du Gantzarainek: "Ikusi dugu lan handia dagoela emanaldi bakoitzaren atzetik, eta erritmoa hartu dugu". Filmen edukiaren aldetik uste dute asmatu dutela, "denetik" eskaini dutelako: "Hainbat herrialdetako pelikulak, gai desberdinak jorratuta". Jaialdiak ere prestatu dituzte. Creative Commons zikloa antolatu zuten abenduan, eta Menditour jaialdia egingo dute maiatzean. Herritarrei begira "Kezka bat" dute buruan Paradisu Zinemako kideek. Ikusi dute ikus-entzuneko hizkuntza dela gaur egun estimatuena eta presentzia gehien duena. Halere, zinea indarra galtzen ari da. "Eskatzen duen jarrera edo denbora dira, agian, gakoak", nabarmendu du Gantzarainek. Filmak ikustera gerturatu diren pertsonak 30 eta 60 urte artekoak dira, eta horrek sortzen die "zer pentsatua". Bestalde, nabarmendu dute beraiek jatorrizko bertsioan jartzen dituztela filmak, eta lan bat egin behar dela horretara ohitzeko. Halere, horrek eskaintzen dio "zerbait berezia" ikus-entzuleari, Irene Elorzaren hitzetan: "Aktoreen ahotsa oso da garrantzitsua filmetan, eta bikoizketekin galdu egiten dira ñabardura guztiak". Urbietak gehitu dio "zuzendariak aurkitu nahi duena" bilatzeko modua dela jatorrizko bertsioak ikustea, eta horrek "asko janzten" duela. Beste herrialde batzuetan ez bezala, Espainian bizi direnak "ohituta" daude bikoizketak ikustera: "Hori ere ohitura kontua da". "Hemen ez da egon erakundeetatik jarrera garbi bat filmak euskaratzeko, herritarren borondatearen esku utzi izan da hori", esan du Gantzarainek. Hori dela-eta, zaila da haientzat pelikulak euskaraz eskaintzea, ez dagoelako "erregulatuta". "Halere, hurrengo urtera begira, euskaraz azpititulatzeko bideak aztertuko ditugu, gure esku dagoenaren arabera", nabarmendu du Urbietak. Agerian da. Ikasturtea bukatu bada ere, filma ez da amaitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide