Ilunpek kalezka pilota txapelketa herrikoia antolatu du, herri galdeketa babesteko

Urola Kostako Hitza 2016ko api. 19a, 18:52

18:00etan da lehiaketa, Frontoi Txikin. Irekia da denentzat, eta 16:00etatik aurrera eman daiteke izena.

Ilunpeko pilotari eta kideak (Hitzartu)
Kalezka pilota txapelketa herrikoia antolatu du Ilunpe pilota elkarteak larunbaterako. 18:00etan da lehiaketa, Frontoi Txikin, eta denentzat irekita dago; haur, gazte zein heldu. Ekainaren 12an egingo den herri galdeketari babesa emateko antolatu du Ilunpek egitasmoa; eta, horrela, kirolariek bat egin dute erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin.Kalezka txapelketan banaka jokatzen dute parte-hartzaileek. 20 bat laguneko taldeak egiten dira, eta guztiak aritzen dira elkarrekin zein elkarren kontra. Huts egiten duena joaten da kalera tanto bakoitzean, eta horrela jarraitzen dute, apurka-apurka, jokalari bakarra gelditu arte: irabazlea. Izena ematen dutenen arabera osatuko dituzte taldeak Ilunpeko kideek. Izen-ematea irekita egongo da 16:00etatik aurrera, pilota partidak izango baitira Frontoi Txikin bertan. Berezkoen txapelketa jokatzen ari dira Azpeitian Gipuzkoako infantilak larunbat arratsaldeetan, eta haien lau partida ikusteko aukera egongo da, hain zuzen, 16:00etatik aurrera. Tartean, Ilunpeko jokalari bat arituko da, Elosegi. Kirol proba festa ere izan dadin, Eneko Arbeo trikitilariak musika jarriko dio ekitaldiari, eta komentarista umoretsuak izango dira pilotalekuan. Bestalde, Ilunpeko eta Hitzartuko kideek mokadutxoa egiteko aukera jarriko dute.
16:00etako partidak Infantilak Altuna (Tolosa) - Sein (Oiarbe). Jauregi (Olalde) - Unanue (Añorga).
Garcia (Goierri) - Elosegi (Ilunpe).
Azkoitia (Euskal jolas) - Zubeldia (Intxaurre).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide