Herri galdeketaren egunerako 197 boluntario behar ditu Hitzartuk

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 19a

Independentziaz herri galdeketa ekainaren 12an izango da Azpeitian, eta egun horretan lan desberdinetan aritzeko prest dauden herritarrek eman dezakete izena dagoeneko.

https://www.youtube.com/watch?time_continue=184&v=PAop1Teb5B8 Ekainaren 12ari begira, bilera irekia egin du Hitzartu elkarteak. Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galdetuko dute, eta bai edo ez izango da erantzuna. Sinadura fasea agortuta, galdeketaren antolaketari heldu diote Azpeitian. Larunbatean, 150 herritar inguru izan ziren Soreasu antzokian, eta ariketaren prestaketari eta boluntarioen lanari buruz hitz egin zuten, batik bat. Hitzartuk zehaztu ditu bozkalekuak zein izango diren, zer ordutegi izango duten eta bozkatzeko zer dokumentazio behar den. Ohiko bozetako guneetan jarriko dituzte mahaiak, karpa batzuek erabilita. Hau da, eraikin publikoak ez dituzte erabiliko, baina kokapena mantenduko dute. Guztira, zortzi leku dituzte bozkatzeko herritarrek: udaletxe azpian, Baigera I tabernaren aurrean, kaleko ludoteka parean, Betharramen, oktogonoko atarian, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, Euskal Herriako Karmelo Etxegarairen aurrean eta Urrestillako plazan. Dena den, edozein guneetan eman dezakete boza herritarrek. Gainera, botoak aurrez etxez etxe banatuko badira ere, galdeketaren egunean nahi adina boto izango dituzte herritarrek mahaietan. 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita. Aurretiaz ere jarriko dute aukera bozkatzeko, maiatzaren 23tik ekainaren 10era. Gure Esku Dagoren lokalean edo boto-emailearen etxebizitzan, azken horretan, aurrez eskaera eginda. Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako lagunek eman dezakete boza, baita egunean bertan 16 egiten dituztenek ere. Bozkatzeko honako dokumentazioa aurkez daiteke: NANa eta errolda agiria—agirian ez bada Azpeitia agertzen bizileku gisa—, EHNA eta errolda agiria edo identifikaziorako balio duen agiri ofizialen bat eta, beharrezkoa bada, errolda agiria. Zaintza batzordeak Herri galdeketa antolatzeko eta haren jarraipena egiteko, batzordeak eratzen ari da Hitzartu. Elkartearen arabera, "berme eta gardentasun" guztiak izan ditzan ariketak. Honako batzordeak osatu dituzte: batzorde sustatzailea, kontrol batzordea, jarraipen batzordea, begiraleak, galdeketa mahaietako kideak eta boluntarioak. "Garrantzia handia" eman dio Hitzartuk boluntarioen lanari. Izan ere, "herritar guztien galdeketa izateko, denen parte-hartzea" behar dela nabarmendu dute. 197 boluntario beharko dituzte ekainaren 12an. Honakoak dira: galdeketa mahaietarako kideak, titular zein ordezkoak, 48 pertsona; bozketa lekuetakoak, 16; informatikoen taldea, 10; ekintza osagarrietako laguntzaileak, 25; bozketa lekuak prestatzearen arduradunak, 25; parte-hartzearen kanpaina lanetarako laguntzaileak, 60; finantza taldeko laguntzaileak, 8; komunikazio eta harreman taldeko kideak, 10. Izena eman daiteke Gure Esku Dagoren lokalean edo hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera mezua bidalita. Eragileen lana Herriko eragileek egitarau mardula prestatu dute ekainaren 12a bitartean, eta bileran azaldu zituzten ekintza horiek: Natul euskara taldeak, XJ auzolanean taldeak, Ilunpe pilota elkarteak, Lagun Onak futbol taldeak, Xaputarrak xake taldeak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Iraurgi saskibaloi taldeak edo eskualdeko poetek egin dute, besteak beste, ekarpena.

Egitaraua

Apirilaren 23a. Kalezka pilota txapelketa herrikoia, Ilunpe pilota elkarteak antolatuta. Apirilaren 30a. Erabaki Fest! erabakitzeko eskubidearen aldeko musika jaialdia. maiatza Maiatzaren 7a. Izarraitz mendi lasterketa dela-eta, erronka Azkotiko eta Azpeitiko taldeekin. Maiatzaren 11. Jon Maia bertsolariak eta Begoña Garmendia Zuzenbidean lizentziatuak mahai ingurua emango dute. Zertarako herri galdeketa? gaitzat hartuta, euskaraz eta gaztelaniaz. Sanjuandegiko Baigera II tabernan, 19:00etan. XJ Auzolanean-eko erabakitzeko eskubidearen aldeko lantaldeak antolatuta. Maiatzaren 13a. Bertsolarien saioak. Bertso poteoa tabernaz taberna eta balkoitik balkoira. Erniarraitzek antolatuta. Maiatzaren 14a. 3x3 saskibaloi txapelketa herriko plazan; eta, aldi berean, xake partida herrikoia. Iraurgi saskibaloi taldeak antolatuta. Maiatzaren 15a. Beteranoen futbol txapelketa triangularra. Lagun Onak futbol taldeak antolatuta. Maiatzaren 18a. Martxelo Otamendi –Berriako zuzendaria– eta Vincent Partal –VilaWeb-eko zuzendaria–. Mahai inguru horretan herri galdeketez jardungo dute eta Partalek Kataluinako herri galdeketen esperientzia ekarriko du. Gure Esku Dagok eta Uztarria Komunikazio taldeak antolatuta. Maiatzaren 22a. Literatur emanaldia, eskualdeko poetekin, Independentziaren osteko eguna gaitzat hartuta. Maiatzaren 28a. Lipdub grabaketa. ekaina Ekainaren 2a. Atzerrian dabiltzan azpeitiarrekin grabatutako bideoaren aurkezpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide