'Erabaki Fest!' egun osoko musika jaialdia egingo dute apirilaren 30ean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 19a

Herri galdeketa babesteko bildu dira 60 musikari inguru eta 30 tabernari. Hitzartuk bilera irekia egin du asteburuan Soreasun, eta ekainaren 12ko lanak zehaztu ditu.Ekainaren 12an Azpeitian egingo duten herri galdeketa babesteko, Erabaki Fest! egun oso...

Erabaki Fest AzpeitiaHerri galdeketa babesteko bildu dira 60 musikari inguru eta 30 tabernari. Hitzartuk bilera irekia egin du asteburuan Soreasun, eta ekainaren 12ko lanak zehaztu ditu.

  Ekainaren 12an Azpeitian egingo duten herri galdeketa babesteko, Erabaki Fest! egun osoko musika jaialdia antolatu dute. Apirilaren 30ean izango da ekitaldia, eta herriko 60 musikari inguruk parte hartuko dute. Haiekin batera, 30 tabernak babestu dute egitasmoa. «Belaunaldi, estilo eta kolore desberdinetako hotsak» bat egingo dute «aldarri bakarraren alde», azaldu dute antolatzaileek. Goiz eta eguerdi partean, Jose Artetxe eta Paulo VI.a inguruetan arituko dira. Arratsaldez, herriko tabernetan eskainiko dituzte kontzertuak; eta, gauean, Sanagustin kulturgunean. Guztiak doan dira. Horrez gain, ekainaren 12ari begira, herritarrek sortutako abestia ere plazaratuko dute egun horretan. Herriko tabernari ugarik babestu dute egitasmoa. Batetik, AZTE elkarteko kideek lagundu dute horretan: Etxezuri, Ertz, Topa, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Oinatz, Lokotx, Sanagustin kulturguneko taberna, Fideo de Mileto eta Pikua. Elkartekoak ez diren tabernek ere atxikimendua eman diote apirilaren 30eko jaialdiari. Honakoek: Pastorkua, Juantxo Txiki, Etxaun, Berdie, Iraurgi, Ganbara, Iraye, Harzubia, Urola Express, Baigera, Eguzkitza, Amaia, Laratz, Urtzi, Charles Chaplin eta Azpeitia. Bilera irekia egin dute Ekainaren 12ari begira, bilera irekia egin du Hitzartu elkarteak. Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? galdetuko dute, eta bai edo ez izango da erantzuna. Sinadura fasea agortuta, galdeketaren antolaketari heldu diote Azpeitian. Larunbatean, 150 herritar inguru izan ziren Soreasu antzokian, eta ariketaren prestaketari eta boluntarioen lanari buruz hitz egin zuten, batik bat. Hitzartuk zehaztu ditu bozkalekuak zein izango diren, zer ordutegi izango duten eta bozkatzeko zer dokumentazio behar den. Ohiko bozetako guneetan jarriko dituzte mahaiak, karpa batzuek erabilita. Hau da, eraikin publikoak ez dituzte erabiliko, baina kokapena mantenduko dute. Guztira, zortzi leku dituzte bozkatzeko herritarrek: udaletxe azpian, Baigera I tabernaren aurrean, kaleko ludoteka parean, Betharramen, oktogonoko atarian, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, Euskal Herriako Karmelo Etxegarairen aurrean eta Urrestillako plazan. Dena den, edozein guneetan eman dezakete boza herritarrek. Gainera, botoak aurrez etxez etxe banatuko badira ere, galdeketaren egunean nahi adina boto izango dituzte herritarrek mahaietan. 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita. Aurretiaz ere jarriko dute aukera bozkatzeko, maiatzaren 23tik ekainaren 10era. Gure Esku Dagoren lokalean edo boto-emailearen etxebizitzan, azken horretan, aurrez eskaera eginda. Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako lagunek eman dezakete boza, baita egunean bertan 16 egiten dituztenek ere. Bozkatzeko honako dokumentazioa aurkez daiteke: NANa eta errolda agiria—agirian ez bada Azpeitia agertzen bizileku gisa—, EHNA eta errolda agiria edo identifikaziorako balio duen agiri ofizialen bat eta, beharrezkoa bada, errolda agiria. Zaintza batzordeak Herri galdeketa antolatzeko eta haren jarraipena egiteko, batzordeak eratzen ari da Hitzartu. Elkartearen arabera, «berme eta gardentasun» guztiak izan ditzan ariketak. Honako batzordeak osatu dituzte: batzorde sustatzailea, kontrol batzordea, jarraipen batzordea, begiraleak, galdeketa mahaietako kideak eta boluntarioak. «Garrantzia handia» eman dio Hitzartuk boluntarioen lanari. Izan ere, «herritar guztien galdeketa izateko, denen parte-hartzea» behar dela nabarmendu dute. 197 boluntario beharko dituzte ekainaren 12an. Honakoak dira: galdeketa mahaietarako kideak, titular zein ordezkoak, 48 pertsona; bozketa lekuetakoak, 16; informatikoen taldea, 10; ekintza osagarrietako laguntzaileak, 25; bozketa lekuak prestatzearen arduradunak, 25; parte-hartzearen kanpaina lanetarako laguntzaileak, 60; finantza taldeko laguntzaileak, 8; komunikazio eta harreman taldeko kideak, 10. Izena eman daiteke Gure Esku Dagoren lokalean edo hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera mezua bidalita. Eragileen lana Herriko eragileek egitarau mardula prestatu dute ekainaren 12a bitartean, eta bileran azaldu zituzten ekintza horiek: Natul euskara taldeak, XJ auzolanean taldeak, Ilunpe pilota elkarteak, Lagun Onak futbol taldeak, Xaputarrak xake taldeak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Iraurgi saskibaloi taldeak edo eskualdeko poetek egin dute, besteak beste, ekarpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide