150 herritar inguru bildu ziren atzo, larunbata, Soreasun. (Hitzartu)
Ekainaren 12an Azpeitian egingo den herri galdeketaren inguruko azalpenak eman zituen atzo, larunbata, Hitzartu elkarteak. Soreasu antzokian izan zen bilera irekia, eta 150 herritar inguru bildu ziren bertan. Garrantzi handiko bilera izan zen atzokoa elkartearentzat; izan ere, bete-betean sartu ziren ekainaren 12ko azalpen guztiak ematera.
Aurrera begira herritarren babesa lortzen jarraitu nahi du Hitzartuk. Urtarrilaren 14an abian jarri zuen herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa, eta, zehazki, 2.296 sinadura biltzea lortu zuen. Herri galdeketa eguna iritsi bitartean indarrak batzen jarraitu nahi dute; horregatik, orain arteko dinamikari eutsiko diote.
Lanak banatuta
Larunbat goizeko bileran mintzagai izan zituzten herri galdeketari begira egin beharreko lanak, boluntarioen beharra, logistika gaiak, botaziorako xehetasunak eta ekainaren 12ra begira Azpeitiko eragileek antolatu dituzten egitasmoak. Honakoak dira batzarrean landutako puntuak:
- Herri-galdeketa antolatzeko organoak: Herri galdeketak beharrezko berme guztiak izan ditzan, sei lantalde osatzen ari da Hitzartu. Hauek dira: batzorde sustatzailea, kontrol batzordea, jarraipen batzordea, begiraleak, galdeketa mahaiko kideak eta boluntarioak.
- Botoa emateko prozesua: galdera eta boto paperak, parte har dezaketen herritarren ezaugarriak, botoa emateko aurkeztu beharreko dokumentazioa, bozketa prozesuaren kontrolerako sistema informatikoa, bozketa lekuak eta ordutegia, aurretik bozkatzeko aukerak eta datu pertsonalen babeserako politika.
- Herri galdeketan parte hartzeko kanpaina: Iraupena, ezaugarriak eta euskarriak.
- Herri galdeketaren eguna: ekintza osagarriak, laguntzaileak, datu ekonomikoaketa aurrekontua.
- Ekainaren 12a arteko ekintza osagarriak: apirila eta ekaina arteko egutegia. Hamasei ekimen lotuta daude dagoeneko, herriko eragileek antolatuta.