Ikasleak Sanagustinen, maratoi erdian parte hartuko duten atletekin. (Uztarria)
Bihar, zapatua, izango da XXIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia, baina Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleek atzerriko hainbat lasterkarirekin solasean aritzeko aukera izan dute egunotan. Atzo, osteguna, Azkoitiko ikasleekin elkartu ziren Keniako zenbait lasterkari; gaur, ostirala, berriz, Azpeitian egin dute bilkura, Sanagustin kulturgunean.
Sammy Kurui, Tom Mutie, Emmanuel Bett, Moses Kipkosgei Bowen eta Thomas Kiplagat izan dira kulturgunean, eta beren esperientziak eta bizipenak partekatu dituzte ikasleekin. Herriko ikastetxeetako haurrek hainbat galdera egiteko parada izan dute, gainera.
Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileek azaldu dutenez, hainbat aldaketa izan dira eliteko parte-hartzaileei dagokionez. "Bruselako atentatuen ostean, bisak emateko prozedurak aldatu eta luzatu egin dituzte Kenian eta Etiopian. Horrela, dagoeneko hegaldiak hartuta zituzten hainbat atleta, bisa ateratzeko denborarik gabe geratu dira eta ezin izan dute gure lasterketara etorri", azaldu dute.
Azken orduko arazo horri buelta emateko lanean aritu direla ere esan dute maratoi erdiaren arduradunek, kontratazio berriak egin asmoz, "baina apirilean dauden 80 maratoi eta maratoi erdik, asko zailtzen dute kontratazio onak egitea". Gorabehera horien ondoren, eta azken orduan nobedaderik izango den ikusteke, gizonezkoetan Emmanuel Bett (iazko garailea), Edwin Koech, Sammy Kurui, Moses Kipkosgei Bowen, Thomas Kiplagat, Hicham Oualla, Jaouad Tougane, Workneh Fikre Serbessa, Tom Mutie, Jesus España eta Jaume Leiva baieztatuta dituzte; emakumezkoetan, berriz, Fatima Ayachi eta Paula Gonzalez.