Aratz da
Gaur ez da inoiz antzezlaneko protagonista. Gizarte itxi eta indibidualista bateko kidea da, bere barruan iltzatuta bizi dena, beste asko eta asko bezala. Interneti eta teknologia berriei kateatuta dago Aratz, hori da bere mundua. Arazo batekin topo egingo du, ordea; eta bidaia bat abiatuko du bere buruhausteari irtenbideren bat aurkitzeko asmotan. Xabi Lopez obraren idazle, zuzendari eta aktoreak azaldu duenez, agian, orduantxe ikusiko ditu zein diren "munduko itzalak". Bihar izango dute herritarrek aukera Aratzekin zer gertatzen den ikusteko. Izan ere, Soreasu antzokian izango da Distopia Antzerki Galdara taldea, 22:00etatik aurrera.
Kritika soziala da Gaur ez da inoiz antzezlana. "Gaurko edo biharko mundu garaikidearen isla", Lopezen hitzetan. Tragedia eta komedia, bietatik du apur bat obrak, eta "ironia, poetika eta sinbologia" handia badu ere, "erraza" da ulertzeko. Erakutsiko dute zer gabezia dituen gaur egungo gizarteak, bere "goibelean". "Arazoak arazo dira guri gertatzen baldin bazaizkigu soilik. Izan ere, dena gure prismatik ikusten dugu", esan du Lopezek.
Bi gizon eta bi emakumek osatzen dute lantaldea: Xabi Lopezek, Samuel Quelek, Garazi San Martinek eta Irantzu Sanchezek. Aratzen, haren kontzientziaren eta hoztasunaren papera egingo dute haiek. Hitzen, dantzaren eta interpretazioaren bitartez, ikuslea bideratuko dute errealitatearen inguruko hausnarketa egitera.
Lehen aldiz Gipuzkoan
Gaur ez da inoiz antzezlana bigarren aldiz eramango dute oholtzara Distopia taldeko kideek. Iruñean estreinatu zuten obra, Nafarroako Antzerki Eskolan. Dena den, Gipuzkoan, lehen emanaldia izango da Soreasu antzokikoa.
Duela bi urte inguru hasi zen Lopez testua idazten eta fintzen. "Ondoren ikusi nuen istorioa oholtzara nahi nuela eraman", azaldu du. Joan den urteko udan hasi ziren antzezlana prestatzen. Zuzendariak esan du "esfortzu handia" eskatu diela, aktore bakoitzak bere lana eta bizitza dituelako. Dena den, "gustura" gelditu dira emaitzarekin.
Gizarte hotz baten ispilua izango da Soreasu antzokia bihar. Fikzioaren bidez, errealitatearen inguruan pentsatzeko tarte bat eskainiko dute Distopiako lagunek, "ulerterrazak" diren adibideekin. Hamar euroren truke eros daitezke sarrerak Sanagustin kulturgunean, lehiatila edo
entradiun.com webgunean. Kultur bonoarekin bost euro balio dute.