Iazko topaketetako irudi bat.[/caption]
Euskal Antzerki Topaketen XXXIV. edizioan antzezlana taularatu nahi duten konpainiek proiektuak aurkezteko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak, aurrenekoz. Eskaera egin nahi duten taldeek maiatzaren 6a, ostirala, baino lehen aurkeztu beharko dute proposamena Azpeitiko udaletxean.
Proposamenak aurkezteko bi baldintza bete behar dira: antzezlanak euskarazkoa eta Euskal Herriko talde batek egindakoa izan behar du.
Topaketetan parte hartu nahi dutenek proiektuan zehaztu beharko dituzte obraren sipnosia, fitxa feknikoa zein artistikoa eta material grafikoa. Obraren aurkezpena ere egin beharko da proiektuan.
Antzerki Topaketen baitan, eskola antzerkia mantentzeko apustuari helduko dio Azpeitiko Udalak aurten ere. "Herriko gazteen artean antzerkizaletasuna bultzatzeko asmoz, eta gaztetxoei ere beren obrak taularatzeko plaza eskaintzeko helburuarekin", antolatuko dituzte eskola antzerkiaren baitako emanaldiak.
Azaroaren 6tik 9ra bitartean izango dira emanaldi horiek. Udalak gutunak bidali ditu hainbat ikastetxetara dagoeneko, baia beste edozein eskola antzerki taldek ere bidal ditzake proiektuak.
Informazio gehiago behar duenak edota proiektuak aurkeztu nahi dituenak, Azpeitiko Udaleko Kultura Sailera jo beharko du, 943-15 70 68 telefonora deituta edo kultura@azpeitia.eus webgunera idatzita.