Harrera ona izan dute enpresa eta kultura arloko ikastaroek

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 12a

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak herrian eskainitako lehen ikastaroak bukatu berri dituzte; balorazio ona egin dute erakundeek zein ikasleek.Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak ikastaro ziklo bat antolatu dute aurten, eta lehen f...

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak herrian eskainitako lehen ikastaroak bukatu berri dituzte; balorazio ona egin dute erakundeek zein ikasleek.

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak ikastaro ziklo bat antolatu dute aurten, eta lehen fasea bukatu berri dute. Bi ikastarotan, 71 lagunek parte hartu dute honako eskoletan: Euskal mitologia eta kristautasuna eta Ideiatik negozio planera. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, eta aukera ikusi dute halako esperientzia bat errepikatzeko. Joan den astean, enpresa munduarekin lotura duen bigarren ikastaroa hasi zen: Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat. Bestalde, oraindik izena eman daiteke apirilaren 20an hasiko den ikastaroan: Musika udaberriko arratsalde baterako.

Denentzat prestatuta

Ikastaroetan parte hartu duten lau azpeitiarrekin egon da HITZA, eta haiek ere balorazio ona egin dute, oro har, ikastaroez. «Eduki mamitsuak» eta eskolak emateko modu «parte-hartzailea» nabarmendu dituzte lau ikasleek, baita «irakasleen maila altua» ere.

Bestalde, azaldu dute lortu dutela maila guztietako ikasleak «eroso sentitzea». Oihane Etxaniz eta Ion Iriarte enpresa munduko ikastaroan izan dira, eta «oso baliagarria eta praktikoa» iruditu zaie. «Ni ez nator enpresa mundutik, kirolen mundutik nator; halere, baliagarria izan da ikastaroa, eta lortu dut neure egitea», esan du Iriartek. Etxaniz, berriz, administrazio ikasketak eginikoa da, eta «kontzeptuak freskatzeko» balio izan dio hari.

Ikastaroan 26 lagun izan badira ere, bakoitzak bere kasuak lantzeko aukera izan du, eta hori eskertu dute biek. «Zortea da halako eskolak eskaintzea herrian bertan. Izan ere, guk beti kanpora joan behar izan dugu edozer ikasteko, eta eskerrak eman nahi dizkiogu proiektua sustatu duten erakundeei», adierazi dute ikasleek.

Dena den, Etxanizek azaldu du gustatuko litzaiokeela, behin ikastaroa bukatuta, lan munduan eduki horiek praktikan jartzea: «Ikastaroekin curriculuma luzatzen duzu, baina gero esperientzia eskatzen dizute lanean hasteko». Deustuko Unibertsitateak eta udalak eskainitako eskolek ez dute oraingoz, behintzat, aukera hori ematen. Edurne Zubia udaleko formazio arduradunak esan du «aztertu» egingo dutela nola egin daitezkeen praktikak.

Herrian bertan

Miguel Zendoiak eta Izaskun Zendoiak Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroa egin dute. 45 ikasle izan badira ere, esan dute «atsegina» izan dela giroa, eta «informazio interesgarria» jaso zutela. Erretiratua da Miguel Zendoia; eta irakaslea, berriz, Izaskun. Izaskunek azaldu du «profesional bezala eta pertsona bezala» izan direla aberasgarriak saioak. Miguel Zendoiak ere eskolen balioa nabarmendu du; batik bat, irakaslea goraipatu du hark. «Lehen egunean esan zigun ikastaroaren izenburuak eta edukiek ez zutela zertan gauza bera izan behar, eta oso ondo egokitu ditu eskolak gure interesetara», azaldu du. Azpeitian horrelako aukera bat izatea eskertu dute, beraiek ezin dutelako beste herri batzuetara mugitu nahi bestetan.

Hala ere, ikastaroak gaztelaniaz egin izana «pena bat» dela esan dute: «Irakaslea euskal filologoa da, etorri handikoa, eta pena da eskolak erderaz eman izana». Dena den, galderak eta ekarpenak euskaraz egiteko aukera ere izan dutela azaldu dute.

Horren aurrean, Zubiak erantsi du zenbait pertsona ezabatu egin zirela hizkuntzaren kontua zela-eta, baina euskaraz ez dakien jendeak ere eman duela izena: «Datorren urtean aztertu beharreko kontua da; agian, bi lerro egin daitezke, jendearen arabera. Halere, unibertsitatearekin hitz egin beharreko gaia da».

Bien bitartean, udalak aukera jarri du ikastaroen inguruan ekarpenak eta proposamenak egiteko. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetako sarrerara joan behar da, edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera mezua bidali.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide