Azpeitiko Udalako Gazteria Sailaren bidez, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek eta Urrestilako haur zerbitzuak Plazatarrak proiektua jarriko dute martxan. Haurrei eta horien gurasoei zuzendutako ekimenaren helburua da herriko plaza eta kaleak haurren berezko jolastoki izan daitezen berreskuratzea. Hilean behin, ostiral arratsaldez, Azpeitiko ludotekak kalera aterako dira, eta hainbat ekintza egingo dituzte herriko txoko desberdinetan.
Plazatarrak egitasmoaren lehen juntadizoa bihar, ostirala, izango da, 17:30etik 19:30era, plazan. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Izarraitz pilotalekuan elkartuko dira. Bihar jolas kooperatiboak landuko dituzte, eta Haur Hezkuntzako 5. maila eta Lehen Hezkuntzako seigarren 6. maila bitarteko haurrei eta horien gurasoei zuzenduta. Maiatzean, aldiz, munduko jolasak landuko dituzte Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, eta ekainean Urrestillan elkartuko dira.
“Plazatarrak bidez, hein batean, kaleetako bizitza berreskuratu nahi da. Gazteentzat gune natural izan diren lekuei berriro bizia eman nahi zaie. Eta gaur egungo gazteei kalean, modu kolektiboan, jolasteko espazioak eta baliabideak eskaintzea da helburua”, adierazi du Ainara Larrañaga Gazteria Saileko zinegotziak. Horrez gain, ekimena ez dela haurrentzat soilik esan du: "Haurrek eta gurasoek denbora elkarrekin pasatzeko, elkarrekin gozatzeko eta elkarrekin bizitzeko esperientzia bat ere bada. Geroz eta denbora gutxiago dugun gizarte honetan, uste dugu garrantzitsua dela horrelako ekimenak antolatzea”.