Azpeitiko eta Zestoako udalek galdegin dute; izan ere, aldundiak adierazi du errepide gainetik egingo duela pasabidea. «Herritarren segurtasuna» ez dela bermatzen esan dute
Azpeitiko eta Zestoako udalek eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari Lasaoko bidegorriarentzat pasabidea lur azpitik egiteko. Izan ere, Azpeitia eta Zestoa lotzen dituzten bidegorri eta berdeak errepidea dute tartean, Lasaon, eta ez dago oinezko zein txirrindularientzat lotunerik. Horri irtenbide bat eman nahi diote.Udal erakundeek azaldu dutenez, aldundiak asmoa du bidegurutzea errepide gainetik egiteko, zebrabidea jarrita. Horren aurrean, bi udalek uste dute horrek ez duela bermatzen «herritarren segurtasuna», autoak azkar joaten direlako gune horretan.
Bestalde, nabarmendu dute duela sei hilabete eskatu ziotela aldundiari arazo horri irtenbideren bat aurkitzeko, eta «bere horretan» jarraitzen duela egoerak.
2015ean ireki zuten Lasaotik Zestoa bitarteko bide berdea, eta ordutik, errepide erditik pasatu behar izaten dute Azpeitia eta Zestoa arteko bidegorri eta berdearen erabiltzaileek. «Bidegorriaren lotunearen arazoa zaharra da, baina iazko udaberrian irekitako bide berdeak nabarmen areagotu zuen, eta horregatik jo genuen aldundiarengana», esan dute udalek.
Aldundiari proposamena egin ziotenean, gaur egun dagoen errepide azpiko pasabidea «txukundu eta egokitzeko» eskatu zioten udalek, «oinez nahiz bizikletan pasatzen direnentzat segurtasun neurri batzuk hartuz».
Aldundiaren jarrerari dagokionez, udalek azaldu dute aurten hartu duela «irtenbidea aurkezteko eta egiteko konpromisoa». Pasabidea errepide gainetik egitea aurreikusten badute ere, udalek oraindik ez dute jaso «behin betiko proiektua». Honakoa esan dute horren aurrean: «Guk argi daukagu irtenbide egokiena beheko pasabidea egokitzearena dela; inbertsio txikiena eskatzen duen aukera da; eta beharrezko neurriak hartuta, herritarren segurtasuna ondoen bermatzen duena»..
Segurtasuna ardatz
Azpeitiko eta Zestoako udalek azaldu dute beraiek prest daudela «beharrezko baliabide eta ahalegin guztiak» egiteko, «herritarren segurtasuna berma dadin». Izan ere, «lehentasuna» segurtasuna da, haien iritziz. «Instituziook ardura horri eutsi behar diogu», azaldu dute.