80 lagunek hartu dute parte Azpeitiko XXXIX. Udaberriko Argazki Rallyan

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 4a

Atzo, igandea, XXXIX. Udaberriko Argazki Rallya egin zuten 80 lagunek Azpeitian. Joan den astean hil zen Jose Antonio Zabala Azpeitiko Argazki Elkarteko kidearen oroimenez egin zuten rallya. Elkartekoek azaldu dutenez, "rally guztian arnastu zen halako emozio berezi bat, batez ere, Joseanen gertukoen eta lagunen artean". Gipuzkoako eta Bizkaiko 80 lagunek (72 helduk eta 8 gaztetxok) hartu zuten parte rallyan, eta honako hauek izan ziren argazkiak egiteko gaiak: lasaitasuna, emandako materialarekin konposaketa librea, oinetxea, pikatu konposaketa eta gai sorpresa. Azken hori Azpeitiko Musika Bandaren 150. urteurenaren baitan prestatu zuten. Parte-hartzaileek Azpeitian egin zuten ibilbidea, eguraldia lagun. Atzo ateratako argazkiak apirilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek argazkiakaae@gmail.com helbidera bidalita. Argazkiekin batera, izen-abizenak eta partaide zenbakia bidali beharko dituzte. Horrez gain, elkartekoek adierazi dute "komenigarria" dela argazkiak horizontalak edo bertikalak diren adieraztea. Rallyaren epaimahaiak erabakia hartu ostean, apirilaren 30ean egingo dute argazkien proiekzioa eta sari banaketa Burdinbidearen Euskal Museoaren ikus-entzunezkoen gelan, 18:00etan hasita. Hemen, rallyko argazki batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide