Xabier Saldias: "Erretiroa, obligazioz; baina musikarekiko debozioz"

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 3a

Aurten agertokiak utziko dituela iragarri du Egan taldearen sortzaileak. Lau hamarkada eta erdi baino gehiago pasatu ditu abesten. 'Berria' egunkariak elkarrizketa egin dio

Aurten agertokiak utziko dituela iragarri du Egan taldearen sortzaileak. Lau hamarkada eta erdi baino gehiago pasatu ditu abesten. Berria egunkarian elkarrizketa egin dio Edu Lartzangurenek. Hitz jarioa abestiekin tartekatzen du Xabier Saldiasek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951). Ez da harritzekoa: 1970ean hasita, 46 urtez aritu da herriz herri, plazaz plaza, kantatzen, batez ere Egan taldearekin. Urrian emango du azken kontzertua, Urnietan (Gipuzkoa). Ez duzu Erramun Martikorenarena egingo; hau da, abesteari utziko diozula esan, eta, gero, berriz hasi kantuan euskaldun atsekabetuek otoi eskatu dizutelako, ezta? Erretiroa hartzeko adinako kotizazioa uztailean beteko dut. Kontzertu sasoia beteko dut, denei agur esan, eta kito. Merezitako deskantsua hartuko dut. Kabaret bizimodua izanda, hasieran gutxi kotizatu zenuen? Dena gastatu egiten genuen. Lehenengo BEZ zerga 1985ean ordaindu zigutenean esan genuen: «Ei, gehiago pagatu zigutek!». Eta berehala: «Bana ezak hori ere!». Dena gastatu. Gero azaldu ziguten hori ogasunari ordaintzeko zela. «Bada, ordain diezaietela haiek zuzenean ogasunari». Ideiarik ere ez genuen. 25 urte bakarrik kotizatu nuen. Azken urteotan jarri behar izan dut erretiratzeko falta zena. Erretiroa zergatik, agertokiko pizti hutsa izanda? Erretiroa, obligazioz, baina musikarekiko debozioz. Plazarik plaza ibiltzea eta neu kamioiarekin joan eta ekipoa muntatu... horretatik erretiroa hartuko dut. Ezin duzu jende gehiago hartu eta lan horiek beste bati utzi, guk eskatzen dugun diruarekin ez dagoelako tarterik. Neu gidari, elektrikari, kontulari eta harreman publikotarako agente, dena egin behar. Zerbait gaizki ateratzen bada, gurpila zulatu edo bozgorailuetako bat apurtu, kopetilun jartzen zara. Nola hasiko zara gero jendea plazan animatzen? Animatzea besterik ez balitz, 90 urterekin ere, Compay Segundo bezala ibiliko nintzateke. Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide