Euskara eta euskal estatuaren harremanaz mahai ingurua antolatu du Natul euskara taldeak

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 31

'Zer ekarpen egin diezaioke euskarari euskal estatu independente batek?' mahai ingurua izango da datorren ostegunean, 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Natul euskara taldeak antolatuta.

Azpeitiko Natul euskara taldeak mahai ingurua antolatu du euskararen eta balizko euskal estatuaren arteko harremanaz eta aukerez mintzatzeko. Datorren ostegunean, apirilaren 7an, da hitzordua, Sanagustin kulturgunean. Honako hizlariek parte hartuko dute: Lorea Agirre kazetari eta Jakin aldizkariko zuzendariak, Hedoi Etxarte idazle eta Iruñeko Katakrak kulturguneko kideak eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. Moderatzaile lanak, berriz, Irati Sarasua Hamaika Telebistako kazetariak egingo ditu. Independentziaren inguruko herri galdeketa egingo du ekainean Hitzartu elkarteak, eta Natuleko kideek azaldu dutenez, aukera aprobetxatu dute testuinguru horretan "euskararen pisua eta haren aukerak" zein diren lantzeko. "Euskara eta euskal estatuaren bueltan ehundaka galdera, erantzun eta iritzi egon daitezke, eta horiek mahaira ateratzea da solasaldiaren xedea", nabarmendu dute.

Streamming bidez, zuzenean

Sanagustin kulturgunean ez ezik, aukera egongo da mahai ingurua Internet bidez jarraitzeko ere. Erlo telebistak grabatuko du solasaldia, eta zuzenean emango dute saioa honako euskarrietan: Erlotelebista.eus webgunean, Uztarria.eus atarian, Urolakosta.hitza.eus-en eta Sanagustinkulturgunea.net-en. Dena den, Natul taldeak azpeitiar zein bisitariak animatu dituzte mahai ingurura gerturatzera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide