Bukatu du denboraldia Iraurgiko Rioja Añares taldeak

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 28a

Larunbatean jokatu zuten azken partida, Donostiako IDK taldearen kontra.

Donostiako IDK taldearen aurka galduta, agur esan diote Iraurgi Saskibaloi Taldeko emakumeek Espainiako Lehen Mailari. Larunbatean jokatu zuten azken partida, Donostian, eta 75 eta 53 irabazi zuten etxekoek. Azkoitiko eta Azpeitiko saskibaloi kluba historian lehen aldiz lehiatu da Espainiako Lehen Mailan, eta datorren urtetik aurrera Bigarren Mailan arituko dira neskak. Rioja Añares taldearen berezitasunetako bat da etxeko jokalariekin egin diotela aurre erronkari. Izan ere, hiru kirolari izan ezik, gainontzekoak Azkoitikoak eta Azpeitikoak izan dira. Beraiek esana da "borrokalariak eta diziplina handikoak" direla, eta horrek nabarmentzen ditu. Espainiako Bigarren Mailan jokatzea zegokioen berez, aurten, Iraurgi saskibaloi taldeko neskei. Maila horretatik kanpo gelditu ziren, ez zituztelako izapide guztiak entregatu epearen barruan. Bi aukera gelditu zitzaizkien: beheko mailatik hasi edo Lehen Mailan jokatu, beste talde batek uko egin baitzion bere postuari. Datorren denboraldian, dagokien mailan lehiatuko dira, beraz. Gipuzkoako Hitzak kirolariekin hitz egin du, liga bukatu bezperetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide