Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasaiako segadaren 32. urteurrenaren harira, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak idatzi duen iritzi-artikulua.
Kasuak ikerketa gehiago behar duela dio Azpeitiko Udalarentzat Aranzadik egindako giza-eskubide urraketen azterketak. Izan ere, auzi judiziala irekita dago 32 urte beranduago.
Ikerketa gehiago behar dute 113 bala jaso zituzten lau gorputzek. Ikerketa gehiago behar dute Paco Etxeberria forenseak egindako azterketek. Ikerketa gehiago behar dute lekuekoen hitzek. Baina ez dute hori ere egingo.
Gutxi balitz epaitegiak urte luzeegiz ikertzen daraman auzia artxibatzea erabaki berri du. 32 urte pasatu dira. Justiziarik ez dago, berandu ere ez da etorriko.
Gogorra benetan, pasatu zena ere ezingo dute inoiz jakin senitarte eta lagunek. Erantzulerik ez da inoiz ageriko. Inori ezingo zaio ezer exijituko. Isiltasuna hedatzea dakar horrek.
Gure herriko biktima guztiak guztionak dira. Ez daude batzuen edo besteen biktimak. Herri txiki bat gara, komunitate bat, eta elkarrekin bizi gara. Guztiok gaude elkarrekin egunero bizitzen. Biktima guztiak gu guztionak dira. Denonak.
Ez ditzagun inoiz ahaztu Dionisio Aizpuru eta Pedro Mari Isarten heriotzak, ez iraganean geratzeko, iragana ezagutu eta denon etorkizuna irabazteko.
Egia, errekonozimendua eta justizia biktima guztientzat.