Azkoitia-Azpeitia kulturala aurkeztu dute, maratoi erdiari izaera zabalagoa emateko. Azkoitiko eta Azpeitiko "aberastasun kulturala zabaltzeko" eta lasterketaren historia "berreskuratzeko" ari dira lanean antolatzaileak. Horretarako, lasterketa bitartean, hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Kultura, historia, ondarea, gastronomia, musika… denetik uztartuko dute bihartik aurrera Azkoitian eta Azpeitian.
Agustin Jimenez maratoi erdiko antolatzailearen arabera, "beldurrik gabe" esan dezakete "Europako lasterketa onenetakoa" dela apirilaren 16an jokatuko dutena. Halere, azaldu du ez dutela beste lasterketa batzuetan bezainbeste diru, eta beste balio bat ematen saiatu direla: kulturala.
Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek lagundu dute egitaraua babestuta. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan du "gozamena" dela halako egitasmoei laguntzea: "Handia da gure herritarren dinamismoa eta lana egiteko indarra". Alkateak esan du "zaila" dela halako proba bat antolatzea, eta "oraindik eta zailagoa" horrela janztea. "Azkoitia zein Azpeitiarentzat da ona hau: gure ondare, kultura eta turismoarentzat", nabarmendu du Etxeberriak. Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi du "oso garbi" ikusi zutela beraiek lasterketa zein egitarau kulturala diruz laguntzea.
Egitaraua
Bihar, martxoak 19
11:30. Udal Musika Bandarekin bira, Alde Zaharreko monumentuak ardatz hartuta.
Martxoaren 29tik apirilaren 18ra.
Felix Sanchezen argazki erakusketa, Juantxo Txiki eta ISB tabernetan. Azken sei urteetako argazki bilduma jarriko du ikusgai Argazkilari oñatiarrak.
Apirilak 6.
Lasterketako upategi ofizialaren eskutik, Ardo eta pintxo dastaketa. Bosna pintxo eta ardo hartzeko aukera izango dute joaten direnek, hamar eueroren truke. Mugatua da lekua, eta 40 txartel jarriko dituzte salgai.
Apirilak 9.
Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Mikel San Juan tallista azpeitiarraren erakusketa Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Martin Fíz eta Alberto Juzdadok irekiko dute erakusketa.
Apirilak 9.
Puro Fiz dokumentalaren emanaldia Baztartxo antzokian. Bertan izango dira Martin Fiz eta Rodrigo Moro, filmaren zuzendaria. Dokumentala amaitzean, mahai ingurua egingo dute Martin Fiz, Alberto Juzdado, Santi Perez eta Ramon Cid en partaidetzarekin. Moderatzailea Jesus Silvano izango da.
Apirilak 14.
11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia. Azkoitiko elkargunean izango da, herriko gazteei zuzenduta.
Apirilak 15.
11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, herriko gazteei zuzendua.
Apirilak 16, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. (Egitaraua guztiz itxi gabe dago)
- AZTE-ren eskutik, Azpeitiko alde zaharreko tabernatako pintxo lehiaketa.
- Urola Gustagarri Running & Festa pintxo dastaketa. Azkoitiko eta Azpeitiko zenbait tabernetan pintxo lehiaketa egingo dute. Taberna guztiekin, mapa bat egingo dute.
- Lasterketa garaian, animazioa, txalaparta, Urolatarra txaranaga, trikitilariak eta talde gehiago izango dira, han eta hemen.
- AZTE tabernari elkarteak antolatuta, Hesian taldeak joko du plazan.
Apirilak 24.
12:30. Azkoitiko musika bandaren eskutik, kontzertu berezia, Balda plazan. Jose Miguel Laskurain Eibartarra izango da zuzendari gonbidatua.