Azpeitiko Alde Zaharreko eraikin historikoak ezagutzeko, kalejira bat antolatu dute larunbat eguerdirako. Azpeitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira prestatu dute, eta eraikinez eraikin Berpizkunde garaiko abestiak joko dituzte bandako kideek. Kultura eta historia uztartuko dituzte larunbat eguerdiko ekitaldian. Izan ere, eraikin bakoitzaren iragana entzuteko aukera izango dute bandarekin batera herriko kaleetan barrena bueltaxka egiten dutenek.
Honakoa da prestatu duten ibilbidea: 11:30ean herriko plazan hasiko da bira, eta Basazabalera joango dira handik. Eraikin horren historia entzun ostean, Enparan Dorretxera joango dira, eta handik, Madalenako ermitara. Kale ingurura bueltatu, eta Antxieta Etxean egingo dute hurrengo geldialdia. Garbitokira joan, eta herriko plazan bukatuko dute ibilbidea. Banda taldetxoetan egongo da banatuta, eta eraikin bakoitzean talde bat egongo da hainbat abesti interpretatzen. Dena den, bukaeran, 13:00ak inguruan, guztiek batera joko dituzte hiru abesti.
Azalpen guztiak euskaraz emango dituzte, baina
UrolApp aplikazioaren bitartez, itzulpena entzuteko aukera izango dute beste hizkuntzaren batean hitz egiten dutenek. Ander Ugarte eta Ekain Artola arituko dira hizlari lanetan.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko egitarau kulturalaren barruan ere sartua dago ekitaldia, eta lehen hitzordua izango da larunbatekoa. Izan ere, aurten, lasterketa kultur egitasmo ere bihurtu nahi dute.
Agustin Jimenez Azpeitiko Bandako kide eta maratoi erdiaren antolatzaileak azaldu duenez, herriko historia "modu polit eta erakargarrian" kontatzeko saiakera da asteburukoa. Hark adierazi du "herritarrei zein kanpokoei zerbait berria eskaintzeko helburuarekin" egingo dutela.
"Hau izango da bandak egin duen ekitaldi berezienetakoa; gainera, erronka bat da musikarientzat ere, ez baikaude ohituta talde txikietan jotzera", esan du Jimenezek.
Urte osoko egitaraua
Bira musikatuaz gain, ia hilabetero izango dute ekitaldiren bat bandako kideek, urte osoko egitaraua baitute prestatuta. Hurrengoa maiatzean izango da: kontzertu tematikoa egingo dute,
trena gai gisa hartuta. Burdinbidearen Euskal Museoan izango da, eta kantu guztiek trena izango dute ardatz. Museoaren fundazioarekin elkarlanean egingo dute.