Loiolako San Jose jaiak ospatuko dituzte bihartik igandea bitartean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 17a

Mus txapelketarekin hasiko da festetako egitaraua, bihar, Kiruri jatetxean. Kirola, herri kirolak, animalia erakustaldiak, ume-jolasak, zirkoa... denetik uztartu dute Loiolako sanjosetan.

Asto lasterketa
(Ane Olaizola) "Betiko ekitaldiak mantenduta, festa zabaltzeko helburuarekin" ari dira lanean azken urteetan Loiolan. Iaz, esate baterako, umeentzat jolasak eta txokolatada antolatu zituzten Loiolako gazteek, eta horri helduko diotela azaldu du Iñigo Arregi festetako antolatzaileetako batek. Zirkoa ere antolatu dute, eta malabarak eta akrobazioak izango dira ikusgai igande eguerdian, adineko zein gazteentzat. Beraz, lortu dute helduentzat ez ezik, umeentzat ere egitarau sendoa egitea, Loiolako festen esentzia galdu gabe. Urtero bezala, asto lasterketa izango da ekitaldi pisutsuena. Lauzpabost astok parte hartzea aurreikusten dute: "Jende ugari biltzen dute karrerek, adin guztietakoak, eta hori da gure festen bereizgarrietako bat". "Denetik" egingo dute asteburuan San Jose jaietan. Kirolarientzat, 15. urtez antolatu dute San Jose sari nagusia duatloia. Etzi da, 16:30ean hasita. 10 kilometro egingo dituzte bizikletan, eta 4, berriz, lasterka. Bost euro balio du izen-emateak, eta 15:00etarako joan behar da horretarako. Bukatzean, oroigarria eta merienda izango dute parte-hartzaileek. Mus txapelketak ere 5. urtea du, eta bihar da 22:00etatik aurrera, Kirurin. 20 euro ordaindu behar da bikoteko.

Egitaraua

Bihar, martxoak 18

22:00. V. San Jose mus txapelketa, Kiruri Jatetxean.

Martxoak 19, larunbata

16:30. Duatloia: XV. San Jose Sari Nagusia. 21:00. Auzo afaria, trikitilariekin.

martxoak 20, igandea

11:00. Zezen txikiak eta poniak. 12:00. Zirkoa. 13:00. Asto lasterketa. 16:00. Umeentzat jolasak eta txokolatada. 17:30. Herri kirolak: aizkoran, Aitzol Atutxa eta Xabier Orbegozo Arria V.a; harri-jasotzen, Aimar Irigoien eta Goenatxo IIIa. Egun osoan. Puzgarriak umeentzat.

Larunbata, martxoak 26

21:00. Erromeria Kiruri jatetxean, Laja eta Lutxurdixorekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide