Garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko lan egiten dute hainbat azpeitiarrek eta inguruko bizilagunek. Talde bakoitzak bere proiektua eta interesak ditu, eta handik zein hemendik bultzada ematen diete baliabide gutxien dituzten guneetako pertsonei. Gurasorik gabeko umeak, giza eskubideak urratu zaizkien emakumeak, memoria galdu duen herria, kirola egiteko azpiegiturak falta dituzten ikasleak... hamaika perfil dituzte buruan boluntarioek.
Azpeitiko Udalak diruz laguntzen dituen proiektuak aurkeztuko dituzte herritarrek gaur, 18:00etatik aurrera, udaletxeko ganbaran. Honako elkarteetako proiektuak azalduko dituzte: Red de Mujeres del Bajio (Mexiko), Hogar de niños de Santa Cruz (Bolivia), Fundabril (El Salvador), Behar Bidasoa (Ruanda), Provida (El Salvador), Khamar (Sahara), Child Bright (Nepal) eta Candida Mendoza Espinosa (Nikaragua). Proiektu batzuen mamia jaso du Hitzak.
Mexiko
Red de Mujeres del Bajio Mexiko bertako elkarte bat da, eta haiekin elkarlanean aritzen da Itziar Arratibel azpeitiarra. 1999tik da elkarteko "lankide eta laguna". Izan ere, hiru urte egin zituen han lanean. Emakumeen eskubideen eta jabetzaren inguruan lan egiten dute, eta landa inguruan kokatutako andreak dituzte ardatz. "Emakumeen eskubide ekonomikoak, sexu ugalketa eta abar landu izan ditugu, eta beste emakumeekiko truke esperientziari ematen dio elkarteak garrantzia", esan du.
Azpeitiko Udalean aurkeztu duen proiektua ikerketa bat babesteko da. Aztertuko dute migrazioak eta deportazioek zer eragin duten emakumeengan, eta nolakoa izan ohi den, ondoren, haien gizarteratzea. Metodo parte-hartzailea erabiliko dute, "emakumeen ahotsa" entzun dadin. "Ikerketarekin batera landuko dira hausnarketa guneak, truke esperientziak eta andreen beraien formazioa", adierazi du azpeitiarrak. "Ezkutatutako errealitate bat" da emakume horiena, eta ikerketaren emaitzak foro ireki batean aurkeztuko dituzte.
El Salvador
Bi proiektu aurkeztu dituzte El Salvadorren lantzeko: Providarena, emakumeen osasunari lotua; eta Fundabril, memoria historikoarekin zerikusia duena.
Miren Odriozola herritarra Provida elkartearekin aritzen da elkarlanean. Osasungintzaren inguruan lan egiten duen elkartea da Provida, eta honakoa da Odriozolak aurkeztu duen egitasmoa: hamar komunitatetako emakumeei zitologiak egitea. "Emakume askok ez dute aukera ginekologora joateko, eta %30 inguruk izan ohi dute minbizia", azaldu du azpeitiarrak. Joan den urtean, proiektu berarekin 1.000 emakumeri egin zieten kontsulta; eta, ondoren, ospitalera bideratu zituzten behar zutenak. Horrez gain, solasaldiak egingo dituzte, kontzientzia har dezaten.
Bestalde, Aitor Zinkunegik Fundabril fundazioarekin elkarlanean, memoria historikoaren inguruko proiektua aurkeztu du. Nueva Granada izeneko udalerrian, 200 lagunetik gora hil ziren gerran. Hondurasera joan ziren errefuxiatu asko, eta itzuleran, Nuevo Guachu izeneko komunitatea sortu zuten. Gerra ondoren, memoria kolektiboa berreskuratu nahi dute, herritarren aitorpenak jasota. Horrekin liburu bat egitea da egitasmoaren xedea; eta, ondoren, oroigarri bat hildakoentzat. Herriaren parte-hartzea ere dinamizatu nahi dute proiektuarekin.
Nepal
Azpeitiko Child Bright elkartea Nepaleko beste talde batekin elkarlanean aritzen da, eta hango bi umezurztegiri laguntzen diete. Idoia Unanue da bertako kideetako bat. Orain artean "laguntza fisikoa" eman dutela azaldu du hark: "Janaria, arropak eta halako baliabideak bidaltzen genizkien, baina joan den urteko lurrikaren ostean, beharrak areagotu egin dira". Orain, "laguntza psikologikoa" eskaintzeko ari dira lanean, eta horretara bideratu dute proiektua: "Lurrikaren ondoren, ume askok lo egiteko beldurra dute, ez dute etxera sartu ere egin nahi, eta oinarrizko laguntza baino zerbait gehiago behar dute".
Etxe bat egiteko proiektua ere badute, eta horretan ere lagunduko die Euskal Herritik. Unanuek azaldu duenez, bi azpeitiarrek koordinatzen dute guztia, baina gero, sare bat dute ekitaldiren bat antolatzen dutenean laguntzeko.
Bolivia
Ramon Gurrutxaga zumaiarra urtero joaten da Boliviara, eta olinpiadak antolatzen ditu Hogar de Niños de Santa Cruz egoitzako umeentzat. 15 urte daramatza hara joaten, eta 160 ume ingururekin egoten da. Umeak kirolera murgiltzeaz gain, erizainei laguntzen die eta lehen sorospeneko eskolak ematen ditu. Hainbat proiekturekin, armairuak, garbigailuak eta bestelako tresnak erosi dituzte Bolivian.
Kiroldegia berritzeko proiektua aurkeztu du aurten Gurrutxagak, eta %75a finantzatu du udalak. Apirilerako berrituko dute gunea; esaterako, lurra eta harmailak txukunduko dituzte. Gurrutxagak nabarmendu du urteak daramatzala Azpeitiko Udalaren laguntza jasotzen, eta lan asko egin dutela horri esker.
Nikaragua
Susana Garate azkoitiarrak eta bere senideek harremana dute Nikaraguako familia batekin, eta hango emakume eta umeei zuzendutako proiektuak aurkeztu ohi dituzte. Nikaraguako udalerri bateko eskolan jangela eta ikasgela bat egin zituzten aurrez, eta aurtengoan josteko ikastaro bat abian jartzeko egitasmoa aurkeztu dute, emakumeak lan mundura sartzeko eta josten ikasteko. Ikastaroa finantzatzeaz gain, haientzat josteko makinak lortzea dute xede. Bi lagunek kudeatzen dute proiektua Azpeititik.
Sahara
Azpeitiar batzuk Saharara egin zuten bidaiaren ostean sortu zuten Khamar elkartea herrian. Errefuxiatuen kanpamendu batean izan ziren, eta kideek azaldu dutenez, hango egoerarekin "hunkituta" itzuli ziren Azpeitira. Lau bat lagunek osatzen dute taldea. Kanpamenduetan dauden sahararrei laguntzea eta herrialde horretako egoera salatu zein ikusaraztea dute xede Khamar taldekoek. Helburu horiei begira egiten dute lan urtean zehar.
Horretarako, honako proiektuak dituzte mahai gainean: eskoletan ordenagailuak jartzea, liburutegia prestatzea, eskolako umeei gosaria ematea eta udan Saharako haurrak Azpeitira ekartzea.
Zazpi proiektu horiek eta Ruandako Behar Bidasoa egitasmoa aurkeztuko dituzte gaur, sakonago, udaletxeko bilera irekian. Egitasmoak prestatu dituzten herritarrek izango dute hitza, eta irekia izango da bilera, azpeitiarrek aukera izan dezaten haiek ezagutzeko.