Instrumentuen arteko nahasketa landuko dute San Jose trikiti jaialdian

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko martxoaren 15a

Herritarrak "harritu" egingo dituztela esan dute antolatzaileek. Larunbaterako sarrerak salgai daude, aurrez erosi edo erreserbatu behar dira, 12 euroren truke.

Josu Arrizabalaga 'Izer', Ainara Larrañaga, Josu Labaka, Andoitz Antzizar eta Larraitz Antzizar. (Eneritz Albizu Lizaso) Trikitia hainbat instrumenturen doinuekin nahastuta aurkeztuko dute aurtengoan dagoeneko usadio bihurtu den San Jose jaialdian. Urtero jartzen dute gairen bat edo omendu bat jaialdiko ardatz gisa, eta nahasketaren alde egin du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Datorren larunbatean, hilak 19, izango da saioa, San Jose egunean bertan. Azpeitiko Soreasu antzokian da emanaldia, 17:30ean hasita. Aurten, aurrez erosi edo erreserbatu beharko dira sarrerak. Horretarako, bi aukera daude: ohiko lekuetan eros daitezke, hau da, Azpeitiko Pastorkua, Berdie eta Mendizabal jatetxeetan eta Azkoitiko Isidron; bestela, honako bideetatik erreserba daitezke: trikitixa@trikitixa.net helbidera idatzita edo 943-83 28 28 telefono zenbakira deituta. 12 euro balio dituzte. Erreserbak egiten dituztenentzat 16:30ean irekiko dute leihatila. Soinu politen bila "Soinua gainerako instrumentuekin nahastu eta soinu politak ateratzea posible dela erakutsi nahi dugu", azaldu du Josu Arrizabalaga Izer Trikitixa elkarteko lehendakariordeak. Hori dela-eta, haizezko, harizko eta perkusio instrumentuak izango ditu lagun trikitixak larunbateko emanaldian. Izerren arabera, "harrituta" geldituko dira Soreasura joango diren herritarrak. Andoitz Antzizar elkarteko kideak esan du "errotuta" dagoen jaialdia dela larunbatekoa. Izan ere, 1991n egin zuten lehen aldiz, Donostian. Halere, Azpeitian prestatu izan da 1993tik gaur arte. "Ezinezkoa litzateke jaialdi hau Azpeitiko Udalaren eta Azpeitia inguruko jendearen laguntzarik gabe", azaldu du Antzizarrek. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak ere eskertu du Trikitixa elkarteak egiten duen «lan handia». «Euskaldunok oso geure dugun instrumentua da trikitixa, eta hark aurrera egin dezan ahalegina egiten ari dira elkartekoak», azaldu du Labakak. Udalaren zozketa Jaialdirako hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azpeitiko Udalak. Gaur edo bihar eman behar da izena zozketan, udaletxera joanda edo udalzozketak@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita. Zozketan parte hartu nahi dutenek izen-abizenak eta telefono zenbaki bat utzi beharko dute. Etzi zozkatuko dituzte hiru sarrera bikoitzak, 12:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Musikariak Aitor Furundarena, Garikoitz Mendizabal eta Imanol Urkizu. Txistua eta trikitia uztartuko dituzte. Huntza taldea. Trikitia, biolina eta gitarra nahastuko dituzte Josune Arakistain, Aitor Huizi eta Aitzol Eskisabelek. Haize-T taldea. Azpeitiko metal taldea, bi trikitilarik lagunduta: Xabi Arakama, Eneko Dorronsoro, Iñigo Larriba, Jon Ibarzabal, Agustin Jimenez, Borja Eizagirre eta Unai Frantzesena. Landatarrak. Aho soinua gehitu diote trikitiari Markos Landa aitak, Markos Landa semeak eta Aitor Landak. Ametsak margotuz. Trikitiarekin arituko da Miren Errasti; panderoarekin, Agurtzane Mujika; bateriarekin, Oier Kortabarria eta tronpeta zein gitarra joko ditu Iñigo Ugartek. Juan Mari Beltran, Errege Belda eta Andoitz Antzizar. Akordeoia gehituko dute. Koldo Iparragirre eta Igor Arostegi. Trikitia joko du Iparragirrek, eta perkusioa Arostegik. Abesti bat, denek batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide