Anartz Izagirre azpeitiarrak bigarren saria irabazi du XVII. Pasaia Hiria literatur lehiaketan

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 15a

'Forma geometrikoak zure baitan' euskarazko lanari esker jasoko du etzi saria azpeitiar gazteak.

  Anartz Izagirre Zubimendi (Azpeitia, 1994) azpeitiarrak irabazi du XVII. Pasaia Hiria literatur lehiaketako bigarren saria, Forma geometrikoak zure baitan euskarazko lanari esker. Lehen saria, berriz, Garazi Ugalde Pikabea lezoarrak irabazi du Morfologiak poema-bildumarekin. 2014ean ere sari nagusia irabazi zuen lezoarrak, orduan, Korapiloak lokarrietan lanarekin. Euskarazko lanen epaimahaia Nerea Beldarrain eta Irati Goikoetxea idazleek osatu dute, eta, orotara, zazpi poesia-bilduma jaso dituzte.  Saritutako poema-bildumak liburuetan argitaratuko ditu Berminghamek. Sari-banaketa ekitaldia etzi egingo dute Trintxerpeko liburutegian, eta liburuak ere bertan aurkeztuko dituzte. Pasaiako sariak 1980. urtean sortu ziren, Pasai Antxoko Altamira Puente liburuzainak bultzatuta. Udalak hasiera-hasieratik hartu zuen sarien sustapena bere gain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide