Belaunaldi ezberdinetako ikasle ohiak elkartu ziren, apirilaren 9rako deialdia egiteko.
Azpeitiko Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunekin jarraitzen dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Urola Ikastolako kideek. Joan den irailean hasi zuten egitarauaren hurrengo hitzordua apirilaren 9an, zapatua, izango dute. Izan ere, ikastolako ikasle ohien eguna ospatuko dute egun horretan.
Ikastolako ikasle ohiei zuzendutako bazkaria egingo dute apirilaren 9an, Kiruri jatetxean, 14:30ean hasita. Hara joan nahi dutenek dagoeneko eros ditzakete txartelak, 25 euroren trukean. Azpeitian Ertz eta Berdie tabernetan, Egaña gozotegian, BM sumerkatuko okindegian eta Sanjuandegiko Errotaundi okindegian eskura daitezke; Urrestillan, Lorea tabernan; Azkoitian, Koxka eta Elkarguneko Orbela tabernan; Zestoan Txoko Txiki kafetegian, eta 688 68 99 81 telefonora deituta ere eman daiteke izena.
Gauean, 22:00etan, berriz, JO!, Jotakie, Direccion Obligatoria eta Lin Ton Taun taldeen kontzertu bereziak izango dira Sanagustin kulturgunean.